BLOGA

IKASKETA FEMINISTAK ETA GENEROKOAK MASTERREAN PARTE-HARTZEA

  • master feminismos

Vane Calero Blanco

Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartearekin elkarlanean hainbat ekintza egin ditugu orain arte, besteak beste, elkarrekin teknologiaren inguruko ikuspegi kritikoa partekatzen dugulako. Hori dela eta, EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean saio bat antolatzeko laguntza eskatu zigutenean, baietz esan genien, inolako zalantzarik gabe.

Hala, Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izan ginen, "Sistema zientifiko-teknologikoa auzitan jarri" tailerra ematen azaroaren 18an. Saioaren lehen zatia eman genuen zientzia hegemoniko kontzeptuari buruz hausnartzen eta taldeka aztertu genuen nola zeharkatzen gaituen eta gure bizitzako alor anitzetan presente dagoen. Horren bitartez hainbat kontu eta adibide azaleratu ziren, emakumeen gorputzentzat guztiz inbaditzailea den  obulutegi-ekografiak egiteko aparailua, kasurako.

Saioaren bigarren zatian, aldiz, zientzia hegemonikoaren eraikuntza auzitan jartzeko proposamen feministak izan genituen hizpide. Zientziaren hainbat aurrerakuntza eta horien oinarrian dauden jakintzei buruz mintzatu ginen, besteak beste: artilearen erabilera isolatzaile termiko bezala, buztingintza, eguzki-berokuntza edota konputazio afektiboa.

Plazer hutsa izan zen saioan parte hartzea, ziztuan pasatu zitzaizkigun bi orduak eta gehiagorako gogoz gelditu ginen. Mila esker bertan izan zineten guztioi. 
 

Compartir en Facebook Compartir en Twitter