BLOGA

MARTXOAK 8, DENBORA LUZEZ OROITZEKO EGUN BAT

  • 8M

Teresa Sancho Ortega eta Vane Calero Blanco

Pasa den martxoaren 8an planto egin genuen eta mundua gelditu egin zen. Grebarekin bat egin genuen, kalera atera ginen, manifestazioetan, kalejiran eta Bizkaiko mugimendu feministak antolatutako bazkarian parte hartu genuen. Guztian egin genuen planto, ekintza feministatan izan ezik, eta emakumeon ahotsak ozen entzun ziren.

Horrez gain, Sorkineko kideok modu berezian hartu genuen parte M8an. Bilboko Ibaiondoko Udaltegian (La Bolsa eraikineko ganbaran) antolatutako jardueratan parte hartu genuen, Fundación Tawir kolektiboko emakume musulmanekin batera. Beraiek martxoak 8ko mobilizazioetan euren presentzia eta parte-hartzea erreibindikatu zuten, emakume eta feministak direlako, euren erlijioa gorabehera. Guk emakumeak zientzian ikusgai egiteko beharra defendatu genuen; zientifikotzat hartutako ezagutza eraikitzen parte hartu arren ikusezin bihurtu dituzten emakumeena, eta baita beren eguneroko zereginen bitartez zientzia egin duten askotariko emakumeena, bizitza bermatzeko ezinbestekoak diren jakintzak garatu dituztenak, zientziatik kanpo gelditu direnak. Modu horretan, duten balioa aitortu nahi diegu zaintza-lanei eta bizitzaren jasangarritasunarekin harremana duten zereginei. Eta horrekin batera, horiek sostengatu dituzten emakumeak, ugariak eta askotarikoak, omendu nahi ditugu. Askotarikoak euren gorputzei, bizipenei, ibilbideei, adierazteko eta munduan egoteko moduei dagokionez.

Esker mila Mujeres del Mundo Babel  elkarteko kideei jardunaldian parte hartzeko gonbidapenagatik eta egun horretako mobilizazioetan elkar hartuta izan ginen guztioi,  historian gogoratuko den eguna izango da 2018ko martxoaren 8a. 

M8ko manifestua

Compartir en Facebook Compartir en Twitter