Hezkuntza Askatzailea (HA) eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH) gure ikuspegi pedagogikoaren oinarrietako bi dira. Horien inguruko hainbat hausnarketa prozesutan eta formakuntza jardueratan parte hartzen dugu elkarte lagunekin.
Gure lanaren eta ikuspegi pedagogikoaren oinarrian daude hainbat hezkuntza-korronte kritiko; besteak beste, hezkidetza, bizipenetan oinarritutako ikaskuntza, gizarte eraldaketarako hezkuntza (GEH), edota hezkuntza askatzailea (HA).
Azken biei arreta berezia jartzen diegu, eta Hegoa Institutuak proposaturiko hezkuntza askatzailearen definizioarekin bat egiten dugu. Definizio horren arabera, HA proposamen erradikala da, gaitasuna duena begirada kritikoetatik abiatuta kultur eraldaketa sakonak eragiteko, mundua interpretatzeko modua iraultzeko eta indarrean dagoen globalizazioari alternatibak planteatzeko. Askatzailea deritzogu, subjektuak epe luzera kontzientziatzeko prozesuak bultzatzen dituelako eta laguntzen dielako beren bizitzak zeharkatzen dituzten zapalkuntzak identifikatzen eta erresistentzia eta sormena abiarazten.
Honako hau bizirik dagoen proiektua da. Bertan joango gara idazten bestelako kolektiboekin elkarlanean burututako hezkuntza askatzailearen eta gizarte eraldaketarako hezkuntzaren inguruko jarduerak.
Hegoa Institutuko Hezkuntza taldeak antolatutako mintegietan parte hartu genuen beste hainbat eragilerekin batera. Bi saiotan zehar solastu ginen hezkuntza askatzaileak unibertsitatean izan beharko lituzkeen nolakotasunei buruz, eta ikuspegi hori unibertsitatean txertatzeko bide estrategikoak aztertu genituen. Guztia ere, bidegabekeriei eta desparekotasunei aurre egingo dion pentsamendua bultzatuko duen unibertsitatea lortze aldera. Mintegietako eztabaidetatik eratorritako ondorioekin honako dokumentua sortu zuten: Gizartearekin konprometitutako unibertsitate bat lortzeko bidean: Ikuspegi hori Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) txertatzeko bide estrategikoak.
Hegoa institutuak argitaratzen duen ‘Hariak' aldizkariaren 3. zenbakiko gai nagusia boterearen eta jakituriaren arteko erlazioa izan zen. Aldizkariari egin genion ekarpena artikulu hau izan zen, zeinetan botere-jakintza harremanaren gure ikuspegia azaldu genuen. Gure izenean bertan (Sorkin = Sorgin + Ekin) islatzen dugun ardura da hori, beraren bidez saiatzen baikara pertsonen eta naturaren zaintzaren inguruko jakintza eta praktikengatik denigratuak izan ziren emakumeen ekarpenak aitortzen, eta horrekin batera gure jendartean legitimatutako jakintzen oinarriak irauli nahi ditugu (blogeko sarrera honetan topa dezakezu gure izenaren inguruko azalpen osatuago bat).
Bilbon ospatu ziren 2018ko urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta Lankidetzarako Euskal Agentziak antolatuta. Sorkineko hainbat kidek entzule bezala parte hartzeaz gain, Vanek itxiera saioko hitzaldia eman zuen. Norekin hezi? zertarako hezi? eta nola hezi? izan ziren hausnarketarako oinarri bezala hartu zituen hiru galderak. Besteak beste, bizitza erdigunean kokatzen duten jakintzek subjektuak gizarte eraldaketarako ahalduntzeko izan dezaketen balioaren inguruan hausnartu zuen eta hainbat adibide praktiko mahaiganienratu zituen, bizipenetan oinarritutako ikaskuntzaren garrantzia nabarmentzeko. Jardunaldiei buruzko informazio gehiago hemen (gaztelaniaz).
2018ko apirilaren 19an ospatu zen Sarrikon, Hegoa Institutuak antolatuta eta helburu izanik unibertsitatearen eta bestelako heziketa- eta gizarte-eragileen arteko zubiak eraikitzea heziketa kritiko eta askatzailearen inguruan. Ekarpen eta eztabaidak hiru hausnarketa-lerroren inguruan ardaztu ziren: 1) Gizarte eraldaketarako esanguratsua den jakituria, 2) Subjektu kritiko eraldatzailea eta 3) Unibertsitatea gizarte eraldaketarako espazio bezala. Sorkineko bi kide jardunaldian izan ginen entzule bezala eta goizeko tailerrak dinamizatzen parte hartu genuen. Horrez gain, gure kide Unaik ‘Esperientzia eta kokapenen kartografia’ izenburuko hasierako dinamika aurkeztu zuen. Jardunaldiei buruzko informazio guztia beren webgunean topa dezakezu.
Hegoako hezkuntza-taldeak antolatuta, 2. saioaren dinamizazioan parte hartu genuen: “Geure buruari entzutea. Sozialki garrantzitsuak diren jakintzak eta ezagutzak modu kolektiboan sortzea”. Hau 2018ko azaroaren 20an ospatu zen Bilboko San Frantzisko auzoan. Prozesu horri buruzko informazio guztia “Sozialki konprometitutako Ikerketa-Ekintza Parte-hartzaile baten Mapaketa Kolektiboari buruzko Tailerraren Saio bat” proiektuan aurkituko duzue.