BLOGA

TAILERRA ITZARTU EMAKUME-ELKARTEAN

  • Taller Sopela

ITZARTU elkartea Sopelako emakume-elkarte bat da. Bertan, aldizka, askotariko emakumeak elkartzen dira hainbat jarduera egiteko, besteak beste, ostegun arratsaldetan antolatzen dituzten hitzaldiak. Otsaileko ostegun horietako batean, Sorkin bertan izan zen emakumeen jakintzek gordetzen duten zientziari buruz hitz egiteko.

Bizi esperientzia zoragarria zuten zenbait emakume nagusirekin elkartu ginen eta esperientzia horretatik abiatuta Sorkinen lantzen ditugun jakintzak partekatu genituen. Hala, saioa hasi bezain pronto, haietako batek geroko dinamika baterako prest genuen artilezko harila ikusi zuen eta, gogoari eutsi ezinik, saioaren zati handi bat ehuntzen aritu zen.

Tailerrean, nagusi den zientzia nozioan dauden joera batzuk aztertu genituen eta, hortik abiatuta, modu anitzean eta testuinguru anitzetik zientzia egin duten hainbat emakume ezagutu genituen. Emakume horietako batzuk izenak eta abizenak dituzte eta haien aztarnen zati bat arakatu ahal izan dugu. Beste batzuk, ordea, anonimoak dira, beren egunerokoan zientzia egin bazuten ere. Azken horiek, honako arlo hauetan sortu zituzten (eta sortzen dituzten) jakintzen bitartez ezagutu genituen: higienea, ekoizpen agroekologikoa, ehungintza, sukaldaritza edo osasuna.

Mila esker guztiei, oso gustura egon ginen zuekin!

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter