BLOGA

BIDAIA HASI DUGU, AZKENEAN!

  • POR FIN EMPEZAMOS VIAJE

Sorkin elkarteko kideontzat egun zoriontsua da gaurkoa eta zurekin ospatu nahi dugu. Badira pare bat urte proiektu kolektibo hau eraikitzeari ekin geniola, eta ordutik hona iragandako denboran itxaropen, asmo eta gaitasunak partekatu ditugu gure artean gogo biziz. Ezin ukatu buruko min txikiren bat edo beste eman digunik, baina askoz ere handi eta ugariagoak izan dira eman dizkigun pozak eta une gogoangarriak. Eta gaur horietako bat ari gara bizitzen: estreinaldi-eguna dugu, toki propio bat estreinatzen ari gara, garen eta egin nahi dugun guztia adierazten hasteko. Azkenean, inauguratu ditugu webgunea, bloga eta logotipoa, denak batera!

Tarte bat hartu eta gure webgunean lasai nabigatzera animatu nahi zaitugu, ikus dezazun zer den Sorkin, nortzuek osatzen dugun, zer egiten dugun eta zergatik. Erabilgarria eta zure gustukoa suertatzea espero dugu; mimo handiz diseinatu dugu eta Leire Llano artistari esker martxan jarri (esker mila, bihotzez, egindako lan ederragatik, Leire!).

Webgunearen osagarri eta bertan txertatuta, blog hauxe duzu, espazio bizia izateko helburuarekin sortu duguna. Hona, askotariko informazioa joango gara igotzen: berriak, jardueren kronikak, gogoetak, elkarte-bizitzari buruzkoak eta gehiago. Lehen post honetan guretzat oso berezia den zerbait kontatzea erabaki dugu, hasieratik gu pixka bat hobeto ulertzen lagunduko dizulakoan: gure izenaren jatorria. Elkartean egindako ia guztia bezala, gure izena ere su txikian egositako talde-hausnarketa batetik sortu zen. Erabakia hartu genuen elkarrekin igarotako asteburu batean, non gure lehendabiziko planifikazio estrategikoa adosteaz gain, astia izan baikenuen elkarrekin kozinatzeko, paseoan irteteko eta istorioak asmatu eta elkarri kontatzeko.

SORKIN hitza, izatez, hitz-joko bat da, sorgin eta ekin hitzen elkarketaz sortua.

¿zergatik sorgin?
“Sorgin” hitzari esanahi berri bat ematen lagundu nahi dugu, edo hobeki esateko, jatorrizko esanahia berreskuratzen. Gaur egun konnotazio negatiboz josirik dagoen arren, jatorrian “emakume jakintsu” esan nahi zuen hainbat hizkuntzatan. Sorginak ez zituzten erre gaiztoak izateagatik edo deabrua gurtzeagatik, ezpada jakintzak menderatzeagatik, beren buruen jabe izan eta askatasunez bizitzeagatik edota iraultza txikiak gidatzeagatik. Hala, sorginen ehiza emakumeak botereguneetatik kanpo uzteko modurik bortitz eta traumatikoenetakoa izan zen, eta ikusezin izatera kondenatu zituen. Sorgin hitza gure izenean txertatuz omenalditxo bat egin nahi diegu, eta beren ekarpen eta borrokek duten balioa aitortu, askotariko klase, etnia eta kondizio sexual zenbaiteko ehunka mila emakumeri.

¿zergatik ekin?
Guretzat oinarrizkoa da teoriatik pauso bat haratago joatea eta ekintzak gauzatzea. Heziketaren bidez eraldatu nahi badugu, beharrezkoa da gauzak egiteko erak aldatzea. Horregatik dugu itu bizitza erdigunean kokatzen duten jakintzak esanahi berriz hornitzea eta balioestea. Ez da nahikoa bestelako jendarte-eredu bat posible dela aldarrikatzea; beharrezkoa da berau eraiki eta bizitzea, praktikara ekartzea zentzumenak esnarazten dituen ikaskuntzaren bitartez, emozioetatik eta gozamenetik abiatuta.
Funtsean, Sorkinen emakume jakintsuetatik jasotako jakintzak ekintza bihurtu nahi ditugu. Ez edonola, ordea. Jakintzat ematen dena “irauli” nahi dugu, objektiboa delakoan ezarri zaigun hori hainbat ikuspegi kritiko eta alternatibotatik zalantzan jarriz. Horregatik hartu dugu abizen bezala “Jakintzen iraultegia” (iraultegia, bai, ondo irakurri duzu: i-raul-te-gi-a), gugandik bertatik hasteko gauzei buelta ematen eta aurretik finkatutako ideiak hausten.

Zu ere, gu bezala, iraultzea gustuko duen horietakoa bazara, gonbidapena luzatzen dizugu gure berripaper elektronikoa jasotzeko izena ematera. Bi hilean behin bidaltzeko asmoa dugu eta blog honetan argitaratutako  artikuluak izango ditu eduki nagusi, berri interesgarriekin eta sorpresekin batera. Horrez gain, kontaktu-bilerak egiten ari gara, elkarlanerako aukera bila, interesgarriak iruditzen zaizkigun pertsona eta kolektiboekin; beraz, gurekin aurrez aurre hitz egitea eta elkar ezagutzea nahi baduzu, jarri harremanetan eta ahal bezain laster erantzungo dizugu.

Hementxe gaude eta espero dugu bidaia luze baten hasiera izatea hau; deskubrimendu eta bidelagunez beteriko bidearen hasiera. Bide horretan zurekin bat egingo ahal dugu noizbait. Laster arte!

Compartir en Facebook Compartir en Twitter