BLOGA

JARRAIBIDEEN ESKULIBURUA (HEZKUNTZA FORMALA). "EMAKUMEEN JAKINTZEK GORDETZEN DUTEN ZIENTZIA" FITXA DIDAKTIKOAK

  • post-fichas ed formal-eus

ZER DIRA ETA ZERTARAKO ERABIL DAITEZKE

Neskak ahalduntzeko eta mutilen artean jarrera berdinzaleak sustatzeko, helburuarekin sortutako material didaktikoa dira; zehazki, hauxe dute xede:

  • gaur egun indarrean dagoen zientzia-eredu androzentrikoa ZALANTZAN JARTZEA
  • emakumezko zientzialarien ERREFERENTE ezberdinak sortzea.
  • bizitza erdigunean kokatzen duten ugalketa- eta zaintza-lanak eta baserritarren JAKINTZAK aintzat hartzea, gure gizartearentzat duten balioa aitortuz eta barne hartzen duten zientzia ikusaraziz.
  • metodologia pedagogiko berritzaileak erabiltzea, GOZAMENean eta BIZIPENetan oinarritutako DIZIPLINARTEKO ikaskuntza bultzatu

* "Gizon" eta "emakume" kategoriak erabiliko ditugu testuan uste dugulako hala errazagoa izango dela hartzaileek fitxetako edukiak ulertzea. Halere, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea badirela genero-sistema bitarrak ikusezin egiten dituzten identitateak (trans, ez-bitar…), eta aniztasuna errebindikatzen dugula pertsonengan, geure gorputz eta ahalmenei dagokienez.

ERABILI AURRETIK JAKIN BEHARREKOAK

Ondoko ezaugarri hauek betetzen dituzuen hezitzaileei zuzenduta daude fitxak:

  • Hezkuntza formaleko espazioetan lan egitea.
  • 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilekin lan egitea.
  • Ahal dela, generoari buruzko oinarrizko formakuntza izatea eta/edo gai horrekiko sentikorra izatea.

Horrez gain, fitxak erabili aurretik “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoairakurtzea gomendatzen dizuegu, testu horretan azaltzen baitira fitxen oinarrian dauden gai teoriko nagusiak. Fitxetako jarduerak gauzatzeko derrigorrezkoa ez bada ere, gida didaktiko hori irakurtzea gomendatzen dizuegu, finkatutako helburuak lortzen lagunduko dizuelakoan.   

Fitxa hauek guztiak “kontZIENTZIAturik: zientzia bestelako begiradatatik bigarren hezkuntzako ikasgeletan, neskak ahalduntzeko eta mutilengan jarrera berdinzaleak sustatzeko” izeneko proiektuaren baitan sortu ditugu. Proiektuari buruzko informazio gehiago hemen.

NOLA ERABILI

Curriculumeko edukietan oinarritutako fitxak dira, eta eduki horiek ikasgelan azaltzeko diseinaturik daude. Halere, proposamen irekiak dira eta irakasleek nahierara moldatu ahal izango dituzte, ikasle-talde bakoitzaren ezaugarriei egokitzeko. 

Fitxa bakoitzean atal hauek topatuko ditugu:

  • Helburu didaktikoak

Fitxa bakoitzean zer landuko duzuen azalduko dizuegu, goian aipatutako helburu orokorrak osatuz eta zehaztuz.

  • Ikasleekin landuko ditugun konpetentziak

Fitxa bakoitzarekin landu daitezkeen konpetentziak zehaztuko ditugu, oinarrizko zehar konpetentziak zein diziplina barruko oinarrizko konpetentziak.

  • Proposamenaren testuingurua

Ikasgelan jarduerak landu aurretik aintzat hartu beharreko hainbat kontu azalduko dizkizuegu, sustatu nahi ditugun hausnarketak eta eztabaida bideratzeko asmoz.

  • Ikasgelan lantzeko proposamena

Curriculumeko eduki jakinetatik abiatuko gara (gai bakar bat edo hainbat gai), eduki horiek laburki azalduko ditugu, eta ikasgelan modu alternatiboan nola sartu azalduko dizuegu. Fitxa guztietan proposatuko dizkizuegu galderak eta/edo ariketak ikasleen artean hausnarketa sustatzeko. Horietako hainbat galdera eta ariketa curriculumeko edukiak azaldu aurretik planteatu ahal izango dituzue, beste batzuk behin edukiak azalduta. Edonola ere, galdera eta ariketa horiek une ezberdinetan sartzea gomendatzen dizuegu, ikasleek landutako gaiak barneratzeko denbora izan dezaten. 

  • Begirada zabalduz: bestelako diziplina batzuekin lotura

Sorkin elkartean diziplina arteko ikuspegiarekin lan egiten dugu, proiektu bidezko lana bultzatzen dugu eta ikuspegi holistikoa. Hori dela eta, azken atal honetan ikuspegi horrekin bat datorren proposamen bana luzatuko dizuegu, zuen ikastetxeko sail ezberdinen arteko elkarlana ahalbidetuko duena.

Proposamen horien helburua da elkarlanerako aukerak ikus ditzazuen eta horien garrantziaz jabetu zaitezten, horregatik ez ditugu zehaztasunez garatuko, eta zuen esku utziko dugu lan hori, bakoitzak norbere ikastetxeko egoerari eta aukerei doitu ahal izan ditzan.

Kontuan izan gure esperientzian oinarritutako gomendioak besterik ez direla eta, denborari eta parte-hartzaile kopuruari dagokienez, bereziki, zuek moldatu beharko dituzuela, zuen aukerei egokitzeko (baliabide, motibazio edota beharren arabera).

Lan egiteko proposatzen dizuegun metodologiaren oinarrian dago Sorkin elkartean garatu dugun IKUSPEGI PEDAGOGIKOA. Ikuspegi horren bitartez helburu dugu bizipenetan oinarritutako hezkidetza kritiko eta askatzailea sustatzea, bizitza erdigunean kokatzen duena. Esteka honetan topa dezakezue ikuspegi horren deskribapen zehatza eta berau osatzeko inspirazio-iturri izan zaizkigun korronte pedagogikoei buruzko informazioa.

INFORMAZIO ETA EDUKI GEHIGARRIAK

Fitxen zerrenda: 

Eskuliburu hau irakurri ostean zalantzarik izanez gero edo gomendioren bat egin nahiko bazenigute, jarri gurekin harremanetan, gustura jasoko ditugu iruzkin guztiak.

Horrez gain, fitxak erabiltzen badituzu, zinez eskertuko genizuke gurekin harremanetan jartzea zuen esperientzia partekatzeko, ikasten eta guztion artean eraikitzen jarraitu ahal izateko.

info@sorkinsaberes.org; 652126790 (Vane)

#jakintzaetazientzia; #fitxatufitxa; #konZIENTZIAturik

 

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter