PROIEKTUAK

"LAB-ETAN OIHARTZUNA DUTEN TEKNOLOGIA-AHOTSAK" IKERKETA KONTRASTATZEKO SAIOA

hirikilabs-imagen grupo
Bi hitzetan: 

Teresak eta Vanek dinamizatu zuten "Lab-etan oihartzuna duten teknologia-ahotsak" izeneko ikerketa sozializatu eta kontrastatzeko saioa. 22 pertsonak parte hartu zuten ondoko helburuekin: parte-hartzaileen ideiak, ikuspuntuak eta kezkak partekatzeko entzute aktibozko gunea sortzea; ikerketaren planteamendua eta galderak sozializatzea; ikerketak Lab-etarako proposatzen duen erremintaren erabilgarritasuna baloratzea; eta, azkenik, parte-hartzaileen aurrera begirako ekarpenak jasotzea.

Markoa: 

Teknologiaren erabilpen sozial, kritiko, sortzaile eta kolaboratiboaren alde lan egiten duen Hirikilabs, kultura digital eta teknologia laborategiak antolatu zuen 2018ko azaroaren 29an ospatutako Zer gertatzen da teknologiarekin? Topaketa. Jardunaldiaren helburu nagusia zen kultura eta teknologiarekin lotutako espazioak eta jarrerak birpentsatzea eta hiru zatitan banatu zen: lehenengoan, Eulalia Pérez Sedeño filosofoak testuingurua azaldu zuen; ondoren bi esperientzia urratzaileren arteko elkarrizketa etorri zen (Fem Tek eta La_bekka) gero "Lab-etan oihartzuna duten teknologia-ahotsak" ikerlana aurkeztu zuten bere egileek; eta amaitzeko, ikerlana kontrastatzeko tailer partizipatiboa ospatu genuen.

Jardueraren laburpena: 

Geure buruak kokatuz hasi genuen kontraste-saioa. Teknologia kuestionatzeko Sorkinen abiapuntua azaldu genuen eta gure laneko metodologien elementu nagusiak aurkeztu: parte-hartzea, ikuspegi feminista eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza.
 
Ondoren, parte-hartzaileek beren buruak aurkeztu zituzten: askotariko 22 pertsonez osatutako talde heterogeneoa ziren. Besteak beste, beren artean baziren teknologiarekin lotutako irakasleak, teknologia beren egunerokoan nola txertatu jakin nahi zuten ikastegiak eta hezkuntza formalaren esparruarekin lotutako bestelako eragileak, teknologia-kulturarekin lotutako proiektuak garatzen dituzten erakundeak, eta baita teknologiarekin lotutako espazio alternatiboak ere (hacklab eta maker espazioak).

Banan-banako aurkezpenen ostean, talde-lanari ekin genion hainbat dinamikaren bidez. Lehenengoarekin, parte-hartzaileen esperientzietan oinarrituz, jendeari Lab-etan parte hartzea saihesten edo deserosotasuna zein ulertezintasun eragiten dioten jarrerak mahaigaineratu genituen. Ondoren, guztion artean saiatu ginen argitzen zergatik ematen diren jarrera horiek, ondorioztatuz gure gizartean eragina duten hainbat baldintza estrukturalen ondorio direla.
 
Horren ostean ikerlanaren muinean dagoen ikerkuntza-galderari lotu gintzaizkion eta galdera horri erantzuteko egileek sortutako analisi markoa izan genuen hizpide. Hala, bi kontzepturi eskaini genien arreta: batetik, teknologia-kultura ezberdinak identifikatzeko bide bezala erabilitako “ahotsak”, eta bestetik, “koordenatuen mapa” deituriko ahots horiek aztertzeko bidea, zapalkuntza-, ezagutza- eta botere-ardatzak zehazten dituena. Talde-lanean zehar parte-hartzaileek “ahotsak” eta “koordenatuen mapa” kontzeptuekin bat egin ahal izan zuten eta ahotsen mapa bat eratu Lab-etan ematen diren jarduerak aztertuz. Ondoren, mapak erakutsitakoren argitara jarduera horiek birformulatu zituzten burujabetza indibidual eta kolektiboa bultzatu eta guztion ongia sustatuko duten ezagutzak txertatuz.

Hemen topa dezakezu antolatzaileek argitaratutako jardunaldiaren kronika, topaketaren bideoak eta elkarrizketak eta kontraste-saioko sistematizazioaren txosten osoa deskargatu dezakezu baita.

Compartir en Facebook Compartir en Twitter