Aholkularitza

INPROBISAZIO ILUSTRATUAK

Impros ilustradas-cartel
Bi hitzetan: 

"INPROBISAZIO ILUSTRATUAK" proiektuaren parte gara, esperientzia artistikoak non egungo hainbat problema lantzen ditugun ikuspuntu artistiko eta ludiko batetik. Zehazki, landu beharreko edukien garapena izan zen gure lanaren ardatza.

Markoa: 

"INPROBISAZIO ILUSTRUAK" sorkuntza eta hausnarketa-espazioak dira eta bertan, ilustrazioaren eta musikaren bidez, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean proposatutako Garapen Iraunkorreko Helburu (GIH) batzuk bistaratzen dira, ikuspegi kritiko batetik.

Jardueraren laburpena: 

Adierazpen artistiko hauen bidez helarazi beharreko edukien gidoia garatzeko, 3 GIH zehatzetatik abiatu ginen:

  • 14. GIH: Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrirean erabiltzea garapen jasangarriari begira
  • 15. GIH: , basoak modu jasangarrirean kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
  • 5. GIH: Genero‐berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak Ahalduntzea. Helburu hau, zeharka integratu dugu aurreko bietan.

Gai horiek lantzeko, ildo komun batetik abiatzen gara, zeinen oinarria emakumeen esku egon izan diren eta bizitzarako funtsezkoak diren jakintzak berrestea den. Hain zuzen ere, ondasun komunen defentsarekin eta zaintzarekin lotutako jakintzak, hala nola lurra eta ura.

Horrela, modu sotil baina argi batean, ondasun komunen defentsa-lan horien atzean dauden hainbat kolektibo ikusarazi nahi ditugu (non emakumeek leku nagusia duten): emakume baserritarrak, lurraren babesleak, herbolerak, saregileak...

Guzti hau egiteko ezibestekoa da hemengo eta Hegoaldeko gaien artean loturak egitea, GIHei era holistikoa eta konplexu batean begiratuz. 

Proiektuan parte hartzen duten kideak haue dira:

Orain arte, 3 ekitaldi egin dira:  2021eko apirilaren 16an, 23an eta 24an, Zabalguneko Merkatuan, Bilbon.

Hala ere, "INPROBISAZIO ILUSTRATUAK" proiektu bizia da, hurrengo hilabeteetan jarraitzea espero duguna.

Informazio gehiago:

“TIPI TAPA BAGOAZ! BIZIMODU JASANGARRIETARANTZ” PROIEKTUAREN EBALUAZIOA

Tipi-tapa
Bi hitzetan: 

Desazkunde eta Bizitze ona sarearekin aritu gara, sarea barrutik indartzeko eta TIPI-TAPA Bagoaz! Bizimodu jasagarrietarantz komunikazio eta intzidentzia kanpaina bultzatzeko egin duten lana ebaluatzeko.

Markoa: 

TIPI-TAPA Bagoaz! Bizimodu jasagarrietarantz proiektua 2010etik aurrera hainbat erakundek (Euskadiko 17 eta Latinoamerikako bi) egin duten sare- eta artikulazio-lan baten barruan kokatzen da. Lan horren bidez, bizitza jasangarrietarako eskubidea orokortzeko eta zabaltzeko hezkuntza-prozesu eraldatzailea sustatu dute, eta lau ardatz tematiko hauen inguruko aldarrikapenak eta proposamenak bultzatu dituzte: zaintzak, elikadura-burujabetza, ekonomiaren birlokalizazioa eta energia-eredua.

 

Jardueraren laburpena: 

Ebaluazioa egiteko irizpideetan oinarritutako ikuspegia erabili dugu, esku-hartzearen oinarrian zeuden Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren dimentsioak ere kontuan hartuta (politikoa, kulturartekoa, pedagogikoa, generoetakoa eta hegoaldeko ikuspegia). Azterlana esku-hartzearen alderdi hauei buruzkoa izan zen:

  1. Diseinua, proiektuaren fomulazioa eta bere esparru logikoaren matrizea aztertuz.
  2. Gauzatze-prozesua eta emaitzak, proiektua gauzatzearekin eta lortutako emaitzekin lotutako hainbat alderdi aztertuz eta honako hauetan arreta berezia jarriz:
    1. Desazkunde eta Bizitze Ona Sarea indartzea: Bizitza Jasangarrietarako eskubidearen aldeko hiru topaketa eta esperientziak partekatzeko bidaia Guatemalara.
    2. TIPI-TAPA Bagoaz! Bizimodu jasagarrietarantz kanpaina ezagutzera ematea: sentsibilizazio- (lehiaketa, antzerki-foroa) eta zabalkunde-kanpainak, berezko bideak eta hedabideak erabiliz.
    3. Eragin politikoa: mintegiak erakunde publikoekin.     
  3. Zeharkako gaiak, esku-hartzearen diseinuarekin eta gauzatzearekin lotura duten gaiak aztertuz, bi bloke hauetan banatuta:
    1. Koordinazioa eta parte-hartzea sustatzea.
    2. Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren ikuspegiak/dimentsioak.

Lan-prozesua hiru fasetan banatu genuen 2018an eta 2019an zehar:

  • Bulego-fasea: esku-hartzearen diseinuan eta garapenean zehar sortutako dokumentazio guztia eta erreferentziazko dokumentazioa aztertuz.
  • Landa-laneko fasea: batzarren, jardueren behaketa zuzenaren eta elkarrizketen bitartez.
  • Informazioaren sistematizazio eta argitaratze fasea: zeinetan ebaluaziotik ateratako ondorio eta ikaspen nagusiak biltzen eta Sareari aurkezten dizkiogun.

(Irudia: kanpainaren logoa, web orritik aterata)

"LAB-ETAN OIHARTZUNA DUTEN TEKNOLOGIA-AHOTSAK" IKERKETA KONTRASTATZEKO SAIOA

hirikilabs-imagen grupo
Bi hitzetan: 

Teresak eta Vanek dinamizatu zuten "Lab-etan oihartzuna duten teknologia-ahotsak" izeneko ikerketa sozializatu eta kontrastatzeko saioa. 22 pertsonak parte hartu zuten ondoko helburuekin: parte-hartzaileen ideiak, ikuspuntuak eta kezkak partekatzeko entzute aktibozko gunea sortzea; ikerketaren planteamendua eta galderak sozializatzea; ikerketak Lab-etarako proposatzen duen erremintaren erabilgarritasuna baloratzea; eta, azkenik, parte-hartzaileen aurrera begirako ekarpenak jasotzea.

Markoa: 

Teknologiaren erabilpen sozial, kritiko, sortzaile eta kolaboratiboaren alde lan egiten duen Hirikilabs, kultura digital eta teknologia laborategiak antolatu zuen 2018ko azaroaren 29an ospatutako Zer gertatzen da teknologiarekin? Topaketa. Jardunaldiaren helburu nagusia zen kultura eta teknologiarekin lotutako espazioak eta jarrerak birpentsatzea eta hiru zatitan banatu zen: lehenengoan, Eulalia Pérez Sedeño filosofoak testuingurua azaldu zuen; ondoren bi esperientzia urratzaileren arteko elkarrizketa etorri zen (Fem Tek eta La_bekka) gero "Lab-etan oihartzuna duten teknologia-ahotsak" ikerlana aurkeztu zuten bere egileek; eta amaitzeko, ikerlana kontrastatzeko tailer partizipatiboa ospatu genuen.

Jardueraren laburpena: 

Geure buruak kokatuz hasi genuen kontraste-saioa. Teknologia kuestionatzeko Sorkinen abiapuntua azaldu genuen eta gure laneko metodologien elementu nagusiak aurkeztu: parte-hartzea, ikuspegi feminista eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza.
 
Ondoren, parte-hartzaileek beren buruak aurkeztu zituzten: askotariko 22 pertsonez osatutako talde heterogeneoa ziren. Besteak beste, beren artean baziren teknologiarekin lotutako irakasleak, teknologia beren egunerokoan nola txertatu jakin nahi zuten ikastegiak eta hezkuntza formalaren esparruarekin lotutako bestelako eragileak, teknologia-kulturarekin lotutako proiektuak garatzen dituzten erakundeak, eta baita teknologiarekin lotutako espazio alternatiboak ere (hacklab eta maker espazioak).

Banan-banako aurkezpenen ostean, talde-lanari ekin genion hainbat dinamikaren bidez. Lehenengoarekin, parte-hartzaileen esperientzietan oinarrituz, jendeari Lab-etan parte hartzea saihesten edo deserosotasuna zein ulertezintasun eragiten dioten jarrerak mahaigaineratu genituen. Ondoren, guztion artean saiatu ginen argitzen zergatik ematen diren jarrera horiek, ondorioztatuz gure gizartean eragina duten hainbat baldintza estrukturalen ondorio direla.
 
Horren ostean ikerlanaren muinean dagoen ikerkuntza-galderari lotu gintzaizkion eta galdera horri erantzuteko egileek sortutako analisi markoa izan genuen hizpide. Hala, bi kontzepturi eskaini genien arreta: batetik, teknologia-kultura ezberdinak identifikatzeko bide bezala erabilitako “ahotsak”, eta bestetik, “koordenatuen mapa” deituriko ahots horiek aztertzeko bidea, zapalkuntza-, ezagutza- eta botere-ardatzak zehazten dituena. Talde-lanean zehar parte-hartzaileek “ahotsak” eta “koordenatuen mapa” kontzeptuekin bat egin ahal izan zuten eta ahotsen mapa bat eratu Lab-etan ematen diren jarduerak aztertuz. Ondoren, mapak erakutsitakoren argitara jarduera horiek birformulatu zituzten burujabetza indibidual eta kolektiboa bultzatu eta guztion ongia sustatuko duten ezagutzak txertatuz.

Hemen topa dezakezu antolatzaileek argitaratutako jardunaldiaren kronika, topaketaren bideoak eta elkarrizketak eta kontraste-saioko sistematizazioaren txosten osoa deskargatu dezakezu baita.

UDAKO SOLSTIZIOAREN INGURUKO OSPAKIZUNA ELGOIBARREN

Bi hitzetan: 

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta, Elgoibarko hainbat bizilagunek Ekigain jaia ospatu zuten Sallobente auzoan, udari ongietorria emateko. Sorkinetik umeentzako jarduera baterako ideiak proposatu eta gidoi bat idatzi genuen, sua piztu aurretik erritual bezala egindako performacerako oinarri bezala erabili zutena.

Markoa: 

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon topaguneak urteak daramatza udako solstizioa ospatzen, gure asaben ohitura zena berreskuratu nahian. Antzinarotik izan da sinbolismoz eta magiaz beteetako ospakizuna, lurraren oparotasunarekin eta haren fruituekin lotutako usadio eta kultur adierazpena.

Pozez jaso genuen ekitaldirako programaren diseinuan parte hartzeko proposamena: 2018ko ekainaren 21ean udari ongietorria egiteko gidoia idaztea eskatu ziguten, solstizio gaua ospatzekoa (Ipar hemisferioan eguzkiak bere itxurazko altuera gorenera iristen den unea).  

Jardueraren laburpena: 

Jairako gidoia osatzeak ikertzera eraman gintuen: Euskal Herriko eskualde eta herrietan solstizioa antzina nola ospatzen zen aztertu genuen hainbat informazio-iturri erabiliz, eta arreta berezia ipini genuen sanjoan loreen bilketa eta erabileraren inguruko kontuetan. Ikerketan bildutako informazioaren zati txiki bat erabili genuen gidoirako. Gure proposamen ludikoak dantza zuen elementu lotzaile eta naturarekiko loturak bistaratzen zituen: udako solstizioa loratze-unea da, uztak biltzekoa, behinola populazio ia osoaren sostengu ziren laboreak batzekoa.  

Proposatu genuen gidoiarekin antzinako emakume jakintsuei (haietako asko eta asko sendalari eta emaginak) gorazarre egin nahi izan genien. Izan ere, jatorri paganoa duen ospakizuna da udako solstizioa, bizitzaren eta naturaren zikloekin lotura estua du eta iraganean sustraitua dago, herri-farmakologia emakumeen esku zegoen garaietan. Emakume haiek euren komunitateei egindako ekarpena aitortzeak eta aintzat hartzeak gure iruditeria kolektiboa birpentsatu eta eraldatzeko balio dezake eta, ba al da modu hoberik horretarako adin guztietako pertsonen arteko jolasa eta elkarrekintza baino?

Gure hasierako proposamena Atxutxiamaikako hezitzaileek moldatu zuten eta zuzeneko musikarekin girotutako suak gauean berandura arte iraun zuen piztuta, bertaratutakoek haren inguruan jauzi eta dantza egin bitartean. Ehun pertsona inguruk hartu zuten parte ospakizunean, barren.eus atari digitalak argitaratutako berri honetan (bideoa ere dakar)  ikusgai.

(Goiko argazkia  barrren.euseko kazetariek ateratakoa da, ospakizuneko argazki gehiago topa daitezke album honetan)

Orriak