BLOGA

MIKROtik MAKROra II. NERABEZAROAN ZIENTZIAREN ESPARRUKO MIKROMATXISMOAK DESERAIKITZEKO PROZESUAREN LEHEN EMAITZAK

Duela pare bat hilabete sarrera honetan azaldu genizuen nola hasi genuen mikromatxismoek zientzian duten eraginari buruzko hausnarketa-prozesu kolektiboa, horiek nerabezaroan deuseztatzeko neurri hezkidetzaileak bilatu asmoz. Gaur gaiari helduko diogu berriz, poz-pozik, lehen bilera hura ezin positiboago eta aberasgarriagoa izan zelako eta emaitzak partekatzeko irrikan gaudelako.

Azaroaren 16an 8 pertsona bildu ginen, guztiak feministak eta hezkuntzarekin lotura sendodunak, baina era berean guztiz ezberdinak. Tarte bat hartu genuen bileraren hasieran hobeto elkar ezagutzeko eta beren ezagutzen bitartez zientzia egiten duten emakumeekin dugun loturaz hitz egiteko. Ondoren, oktogono perfektu bat osatzen zuten trapezio formako mahaien inguruan eseri ginen eta eztabaidari ekin genion, egun batzuk aurretik taldekideei bidali genien testu teorikoa abiapuntu bezala hartuta. Eztabaida hartan etorkizunean lantzeko zalantza eta kezka ugari mahaigaineratu genituen, besteak beste: Nola salatu mikromatxismoak, dibertsitatea ezeztatzen duten dualismoetan erori eta bestelako zapalkuntza motak gutxietsi gabe? Egungo zientzia konbentzionala deshumanizatuta egoteak eraginik al du berarengan ematen den desberdinkerian? Zientzian emakumezko erreferenteak sortu beharra dago? edo erreferente feministak?

Gai mordo bat aipatu ostean denbora eman genuen pentsatzen mikromatxismo berezi ezberdinak ote dauden zientziaren esparruan edo bizitzako bestelako esparruetan ematen direnak errepikatzen al diren; izan ere, funtsezkoa iruditzen zaigu mikromatxismo horiei aurre egiteko estrategiak bilatze aldera. Mikromatxismo horiek aletu nahi genituen parte-hartzaileen bizipenetatik abiatuta, bizi-esperientzia eta sentipenak ezagutza eraikitzeko baliatuz. Hala, geuk sortutako sailkapen (subjektibo eta partzial) malgu bat erabiliz saioko zatirik aberasgarriena pasa zen: lekukotza iradokitzaile mordoa partekatu ahal izan genituen eta horien bitartez mikromatxismo zehatzak ikusgai egiten eta ulertzen hasi ginen. Amaitzeko, denbora agortzen ari zitzaigula, zertzelada batzuk eman genituen mikromatxismo horiei hezkidetzaren bitartez aurre egiteko eta bigarren saio baterako hitzordua finkatu genuen: “Jakintza eta zientzia” jardunaldian izango dugu horretarako aukera (otsailaren 22 eta 23an, Barakaldon)

Lehen fasean egindako lana biltzen duen dokumentu partizipatiboa hemen deskarga dezakezu.

Lan guzti hau posible izan da egun hartako saioan gurekin izan ziren Uzuri, Patri, Pepe, Joseba, Arantza F. eta Arantza B.-ren laguntza eskuzabalari esker eta baita beste espazio batzutan parte hartzen ari diren Sandra, Marta, Leticia eta Laurari esker ere. Mila esker guztioi!

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter