BLOGA

NOLA LANDU ZIENTZIA PAREKIDEA MUTIL NERABEEKIN?

Unai Villena Camarero

Gaur nire txanda da; nire lehen idatzia blogean, eta, lehen aldi guztiek bezala, honek ere eragin dit gogo, ezinegon, ziurgabetasun eta ilusio nahastea. Lehen aldia denez, hasiera-hasieratik hasiko naiz: honaino nola iritsi naizen azaltzen.

Hainbat taldetan parte hartzen eta militatzen elkar ezagututako zazpi lagunen artean (bost emakume eta bi gizon) Sorkin kolektiboa osatu genuen duela hiru urte. Guztion artean amankomunean dugu oinarrizko ikasketa zientifiko-teknologikoak izatea eta lotura estua gizarte eraldaketaren alorrarekin. Kolektiboan bizitza erdigunean kokatzen duten jakintzak kontzeptuaren inguruan lanean gabiltza; jakintza horiek barne hartzen dituzten hezkuntza proposamenak gauzatu nahi ditugu, jakintzotan dagoen zientzia inplizitua bistaratuko dutenak eta zientzia egiten duten emakumezko erreferenteak sortzen lagunduko dutenak. Horrekin batera, gure helburu dira:

  • - ezagutza eta zientzia nola legitimatzen diren auzitan jartzea
  • - pentsamendu kritikoa bultzatzea
  • - zaintza jardueren balio soziala birpentsatzea
  • - generoan oinarritutako rol, estereotipo eta harreman ez-parekideak deuseztatzen laguntzea

Bi urte eman genituen kolektiboaren oinarriak eta goian aipatutako helburu eta lan-ildoak finkatzen. Ildo horiei jarraituz, Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia izeneko gida didaktikoa osatu genuen, bi helbururekin. Alde batetik, neska nerabeak ahalduntzen lagundu nahi dugu eta haiengan zientzia-bokazioa sustatzen. Beste alde batetik, mutil nerabeen artean maskulinitate eredu hegemonikotik aldentzen diren ereduak bultzatu nahi ditugu eta zaintza-lanetan erantzunkide izan daitezen. Dokumentazio lanak iraun zuen urtebetean informazio eta erreminta ugari bildu genituen lehen helburura bideratuak; bigarrenarekin, ordea, nahiko estu ibili ginen, apenas ez baitago (guk behintzat ez genuen topatu) zientzia eta sexismoa mutilekin lantzen duen ikerlan/ekimen/proiekturik.

Kolektiboan argi daukagu mutilei zuzendutako proposamen zehatzak egin behar ditugula, baina erreferentziarik ezean, guztiz nabaria egin zitzaigun mutil gazteei proposamenak egin aurretik, guk geuk (zientzia eta teknologiaren esparruko “mutil helduok”) egin behar dugula hausnarketa sakona lehenik. Horretan ibili gara azken hilabete luzeotan Sorkineko mutilak: ikasten, buruari eragiten, desikasten eta dagokigunaren kontzientzia hartzen. Horretan gabiltza oraindik ere. Honezkero badakigu atzera bueltarik gabeko bide luze eta aldapatsua izango dela. Jarraitzeko gogoz gaude, halere. Izan ere, hainbat helburu lortzen goaz, besteak beste:

  • - Identifikatzea nola eragiten duten gugan txikitatik inguratu gaituzten patriarkatuak, heteroarauak, sexismoak (eta horiek nola elikatzen ditugun). Antzematea zein eratan zeharkatzen gaituzten, eman diguten forma, bideratu gaituzten, pribilegioak ekarri eta aldi berean mugatu.
  • - Gure emakumezko kideengandik ikastea.
  • - Zientzia objektibo eta neutraltzat jotzen bada ere, izatez, eraikuntza soziokultural bat gehiago dela ulertzea, eta beste edozein bezala, gure jendartearen oinarrian dauden patroi patriarkal eta kapitalistek zeharkatzen dutela. 

Orain, pauso bat harago jo nahi dugu eta saio bat antolatu dugu maskulinitatea-zientzia-nerabezaroa trinomioaren arteko harremanetan sakontzeko ikuspegi hezkidetzailetik. Urtarrilaren 24an Bilbon ospatuko dugun saioan, gaiaren inguruan bildutako kezkak eta landutako proposamenak partekatuko ditugu, parte-hartzaileekin batera proposamen berriak sortzeko helburuarekin.

Alor zientifiko-teknologikoan eta irakaskuntzan (hezkuntza formal zein ez-formalean) diharduten hainbat lagun gonbidatu ditugu parte hartzera eta horiekin ari gara taldea eratzen, baina talde irekia izango da: zuk ere parte hartu nahi baduzu, gurekin harremanetan jarri (email bidez: info@sorkinsaberes.org helbidera idatziz) eta argibide gehiago emango dizkizugu.

Argazkiaren egilea: Mónica Oyarzábal Escudero (Bilboko Gaztegune batean neska-mutil nerabeekin zientzia bestelako begiradatatik lantzeko antolatu genuen tailerreko irudia).

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter