PROIEKTUAK

UDAKO SOLSTIZIOAREN INGURUKO OSPAKIZUNA ELGOIBARREN

Bi hitzetan: 

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta, Elgoibarko hainbat bizilagunek Ekigain jaia ospatu zuten Sallobente auzoan, udari ongietorria emateko. Sorkinetik umeentzako jarduera baterako ideiak proposatu eta gidoi bat idatzi genuen, sua piztu aurretik erritual bezala egindako performacerako oinarri bezala erabili zutena.

Markoa: 

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon topaguneak urteak daramatza udako solstizioa ospatzen, gure asaben ohitura zena berreskuratu nahian. Antzinarotik izan da sinbolismoz eta magiaz beteetako ospakizuna, lurraren oparotasunarekin eta haren fruituekin lotutako usadio eta kultur adierazpena.

Pozez jaso genuen ekitaldirako programaren diseinuan parte hartzeko proposamena: 2018ko ekainaren 21ean udari ongietorria egiteko gidoia idaztea eskatu ziguten, solstizio gaua ospatzekoa (Ipar hemisferioan eguzkiak bere itxurazko altuera gorenera iristen den unea).  

Jardueraren laburpena: 

Jairako gidoia osatzeak ikertzera eraman gintuen: Euskal Herriko eskualde eta herrietan solstizioa antzina nola ospatzen zen aztertu genuen hainbat informazio-iturri erabiliz, eta arreta berezia ipini genuen sanjoan loreen bilketa eta erabileraren inguruko kontuetan. Ikerketan bildutako informazioaren zati txiki bat erabili genuen gidoirako. Gure proposamen ludikoak dantza zuen elementu lotzaile eta naturarekiko loturak bistaratzen zituen: udako solstizioa loratze-unea da, uztak biltzekoa, behinola populazio ia osoaren sostengu ziren laboreak batzekoa.  

Proposatu genuen gidoiarekin antzinako emakume jakintsuei (haietako asko eta asko sendalari eta emaginak) gorazarre egin nahi izan genien. Izan ere, jatorri paganoa duen ospakizuna da udako solstizioa, bizitzaren eta naturaren zikloekin lotura estua du eta iraganean sustraitua dago, herri-farmakologia emakumeen esku zegoen garaietan. Emakume haiek euren komunitateei egindako ekarpena aitortzeak eta aintzat hartzeak gure iruditeria kolektiboa birpentsatu eta eraldatzeko balio dezake eta, ba al da modu hoberik horretarako adin guztietako pertsonen arteko jolasa eta elkarrekintza baino?

Gure hasierako proposamena Atxutxiamaikako hezitzaileek moldatu zuten eta zuzeneko musikarekin girotutako suak gauean berandura arte iraun zuen piztuta, bertaratutakoek haren inguruan jauzi eta dantza egin bitartean. Ehun pertsona inguruk hartu zuten parte ospakizunean, barren.eus atari digitalak argitaratutako berri honetan (bideoa ere dakar)  ikusgai.

(Goiko argazkia  barrren.euseko kazetariek ateratakoa da, ospakizuneko argazki gehiago topa daitezke album honetan)

Compartir en Facebook Compartir en Twitter