BLOGA

UZTA JASOTZEA ETA EREITEN JARRAITZEA: “EMAKUMEEN JAKINTZEK GORDETZEN DUTEN ZIENTZIA” GIDAREN AURKEZPENAK

  • Gidaren aurkezpena Bilbo

Teresa Sancho Ortega

Otsailaren 11ren karietara (Zientzia arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna) hiru egun eta toki ezberdinetan aurkeztu genuen gure lehen argitalpena: “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia”. Eta halako urduritasun eta ziurgabetasunez hurbildu baginen ere hitzorduetara, harrera ezin hobea egin ziguten bertaratu zirenek. 

Argi genuen hitzaldi magistralak saihestuko genituela bai ala bai. Ez litzateke bidezkoa izango bizipenetan oinarritutako ikaskuntza aldarrikatzea, praktikan eta emozioetan oinarritutakoa eta ikasleak protagonistatzat dituena,  gero entzuleak aspertzen baditugu lokartzeko moduko hitzaldiekin. Hori dela eta, erakusketa interaktibo moduko bat prestatu genuen aurkezpenetarako, 8 txokoz osatua. Txoko horiek gidako edukietan oinarrituta diseinatu genituen eta ikusleei parte hartzeko gonbita egiten diete: galderei erantzuteko, esperimentatzeko, ulertzeko, sentitzeko eta baita probatzeko gonbita ere.

Txokoek beste nolakotasun bat ere bazuten komunean: inspiratzaile izan daitezkeen jarduerak biltzea, aldaketa edo moldaketa txikiak eginez  nerabeekin lan egiteko bestelako guneetara eraman daitezkeenak. Haziak ateratzea, lixiba egitea errautsekin, erromero alkohol sendagarria prestatzea antzinako errezeta erabiliz, fruta eta barazkien ezkutuko geometriekin jolastea, emakumezko zientzialarien izen, irudi eta biografiak lotzea, hainbat ogi dastatzea beren nutrizio-propietateak identifikatuz, edota errezetetan dauden prozesu fisiko-kimikoak deskubritzea (baita sinpleneetan ere, arrautza bat frijitzean, adibidez)… Horiexek txokoetan eman genituen ideietako batzuk.

Hausnarketak eta eztabaidak ere tokia izan zuten saioetan. Hizketa-gai izan genituen desparekotasunak eta alborapenak, ikusgaitasun eza bikoitza, edota zeinen garrantzitsua den zientzia egitean ere emakumezko erreferenteak eta bizitza erdigunean kokatzea. Zientzia konbentzionalean markak hautsi zituzten emakumeak izan genituen hizpide (Felisa Martín Bravo edota Mary Somerville, esaterako) eta baita bestelako emakumeak ere, beren ekarpenak zientifikotzat jotzen ez diren arren. Ehunak tindatzeko antzinarotik maiek darabiltzaten tekniketako nanoteknologiaz aritu ginen, eta Elisabeth Magie moduko urratzaileez ere, monopoly jokoa asmatu zuena lurren metatzea salatzeko. Eta amaitzeko Sorkin elkartean erabiltzen dugun ikuspegi pedagogikoaz aritu ginen, eta eduki zientifikoak gazte nerabeekin lantzeko metodologia hoberenak zeintzuk izan daitezkeen hausnartu genuen bertaratutakoekin elkarrizketan.

Aurkezpen presentzialen harrera hobezinaz gain, biziki harritu gaitu gidak Interneten eta sare sozialetan izan duen zabalkunde itzela. Badakigu zabalkunde horretan eragin zuzena izan duela hainbat mediok eman diguzuen laguntza, besteak beste  Pikara Magazine atari digitala eta Mujeres con ciencia bloga, Ecuador Etxea elkarteak egindako kronika eta argazkiak edota Vinilo FM irratiko Kultura 3.0 programa. Zuoi guztioi, mila esker!

Aurkezpenetara hurbildutako jendearengandik zein bestelako bitartekoak erabiliz gurekin harremanetan jarri zen jendearengandik, babes handia jasotzeaz gain, nabaritu dugu asko garela gai berarekiko interesa dugun pertsona eta kolektiboak, eta praktikara eraman nahi ditugula zientzia parekidea bultzatzen duten jarduerak, ez soilik hezkuntza ez-formaleko esparruan nerabeekin, ezpada bestelako publikoekin eta askotariko espaziotan.

Jasotako motibazio eta babes horrek guztiak bultzatu gaitu hartutako bidean gogotsu aurrera egitera eta hiru helburu finkatu ditugu datozen hilabeteotarako. Lehenik, gidan proposatutako jarduerak testatu nahi ditugu, eta aldi berean maskulinitate berrietan eta mikromatxismoetan sakondu nahi dugu. Bigarrenik, hezkuntza formalera egin nahi dugu jauzi, horretarako gidako edukiak bigarren hezkuntzako curriculumera egokituz eta institutuetako eta unibertsitateko irakasleekin lan eginez. Eta, hirugarrenik, garrantzitsuena deritzogun helburua: hasitako bidean aurrera egitea, konpainian.

Geroz eta ziurrago gaude asko eta asko zaretela gure diagnostikoarekin bat egiten duzuenak eta bestelako begiradatatik zientzia bultzatu dezakezuenak, neskak ahalduntzen laguntzeko, eta gizarte parekideagoa eraikitzen. Halakoak bazarete, elkar ezagutzea gustatuko litzaiguke, ideiak elkartrukatzea eta elkarlanerako bideak aztertzea, gutxika-gutxika saretzen joateko eta elkarrekin hazten jarraitzeko. Zer iruditzen? Oraindik ez baduzu egin, gurekin harremanetan jar zaitezke eta gehiago kontatuko dizugu.

(Goiko argazkia Ecuador Etxea elkarteko lagunek ateratakoa da, jardunaldiko argazki gehiago topa daitezke album honetan)

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter