BLOGA

“EMAKUMEEN JAKINTZEK GORDETZEN DUTEN ZIENTZIA” FITXA DIDAKTIKOAK. EMAKUME BASERRITARREN LANARI ERREPARATZEA ETA BEREN BIZIPENETAN OINARRITUTAKO IBILBIDEA OSATZEA

  • Fotografía de Eulalia de Abaitua y Allende Salazar

Argazkia: Eulalia Abaitua Allende Salazar, 1890

 

 

Emakume baserritarren jakintzak. Gai hori izan zen “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” proiektuaren abiapuntua, eta gai horri tiraka prestatu ditugu orain arte gure lanaren oinarri izan den gida didaktikoa, ikastaro bat, eta gidari osagarri zaizkion hezkuntza ez-formaleko espazioetan erabiltzeko fitxa didaktiko hauek

 

Abiapuntua, esan bezala, emakume baserritarren jakintzak izan ziren, eta ez genuen gaia aukeratzeko orduan inolako zalantzarik izan; bai, ordea, zein jakintza zehatz garatu erabakitzerakoan. Zaila egin zitzaigun erabakitzea asko eta asko direlako, guztiak ere bizitza sostengatzeko beharrezkoak eta ezin interesgarriagoak. Erabaki ezinean geunden bileratako batean, eztabaidaren erdian, gure kide Ninesek zera galdetu zuen: zer iruditzen emakume horietako baten egun bati errepasoa egingo bagenio fitxen bitartez? 

 

Egunsentian esnatuko litzateke emakume baserritarra eta ogia oratzen hasiko luke eguneko lana, ore amaz egindako ogia,  familiaren oinarrizko elikagaia aste osorako. Lana jarraituko luke, oraindik goizaldean, landare sendagarrien bilketan: besteak beste, Santiago belarra (milazulo izenez ere ezaguna, Hypericum perforatum) jasoko luke baserri ondoko larreetan, ondoren milazulo-olioa prestatzeko, Euskal Herrian ondo ezaguna den erremedioa, askotariko erabilera sendagarriak dituena. Goiza iritsiko litzateke lan hori bukatzerako, eta lehen orduko argitasuna lagun, emakumeak ortura joko luke, haziak biltzera eta lurra ongarriztatzera modu guztiz jasangarrian, zikloak ixten laguntzen duen bermikonpostagailu bat erabilita. Eguerdi aldera, lan dezente egin ostean, energia hartzeko unea iritsita, ortuan jasotako fruitu eta barazkiak jango lituzke otorduan. Arratsaldean, higienearekin lotutako lanen txanda izango litzateke, arropak eta etxea garbitzeko unea; horretarako baliabide naturalak eta hainbat hondakin erabiliko lituzke. Lehenik, goizeko ogi-labealdiko errautsak baliatuko lituzke, hain zuzen ere, etxea garbitzeko errauts-lixiba ekoizteko; bigarrenik, xaboia ekoitziko luke erabilitako olioarekin eta goizean jasotako landare sendagarriekin. Egunak aurrera joko luke, baina lotara joan aurretik, gure emakume baserritarra bere auzoko beste hainbat emakumerekin bilduko litzateke ehungintzan aritzeko. 

Horra gure protagonistaren egunari eta lanari egindako errepasoa. Langintza asko kanpo utzi ditugula badakigu. Langintza horietan sakontzea da gure asmoa eta, horrekin batera, emakume anonimo kontaezinek bizitza zaintzeko egindako lana ikusgai bihurtzea eta aitortzea. Izan ere, emakume horiek guztiek, Historia testuliburuetan beren izenik aipatu ez arren, historia egin dute eta egiten jarraituko dute.

 

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter