BLOGA

MUTIL NERABEEKIN ZIENTZIA PAREKIDEA LANTZEN HASTEKO 4 PROPOSAMEN HEZKIDETZAILE

Maskulinitate-zientzia-nerabezaro trinomioaren arteko harremanetan ikuspegi hezkidetzailetik sakontzeko hausnarketa-prozesua abiatu genuen Sorkinetik duela hilabete batzuk, blogeko sarrera honetan gure kide Unaik azaldu bezala. Abiapuntua, hainbat hezitzailerekin ordura arteko formakuntza saioetan konpartitutako kezka: neskak ahalduntzeko ez bezala, ez dago apenas mutil nerabeekin berdintasunaren alde lan egiteko ekimenik, eta are gutxiago zientzia eta teknologiaren alorrean. 

Horri aurre egiteko asmoz, guk geuk abiatu genuen hausnarketa prozesu bat, alor zientifiko-teknologikoan lanean diharduten hainbat gizon-emakumerekin batera. Alde batetik, zientzia, teknologia, berdintasun eta hezkuntzaren arloetan eskarmentua duten bost gizonezko elkarrizketatu ditugu azken sei hilabeteotan; bestetik, tailer misto bana antolatu dugu zientzia eta irakaskuntzaren esparrutik datozen gizon-emakumeekin (lehenengoa Bilbon urtarrilaren 24an Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritzaren Aktibista Eskolaren baitan eta bigarrena Barakaldon otsailaren 23a, "Jakintza eta zientzia: esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileak bigarren hezkuntzan" jardunaldien baitan).  

Honenbestez prozesuaren lehen fasea amaitutzat ematera goaz eta zuekin partekatu nahi ditugu bertatik eratorritako lau proposamen hezkidetzaile mutil nerabeekin zientzia parekidea lantzen hasteko, etorkizunean lan-ildo izango ditugunak (lehenengo hirurak proposamen orokorrak dira eta laugarrena Sokinen lanaren oinarrian dagoen ikuspegiarekin estuki lotuta dago):
 
1. Hutsetik hastea, geure buruetatik eta ikusezina dirudien horretatik abiatuta
Geure praktikak birpentsatzea litzateke lehen pausoa: argi dugu gazteen artean harreman parekideak bultzatu nahi ditugula, baina nolako harremanak ditugu pertsona helduok? Curriculum ezkutuaz ohartzea, hau da, hezkuntzan oharkabean pasa ohi diren jarrera eta portaerei erreparatzea, adibidez: generoaren araberako tratu ezberdina ematea ikasleei, neska eta mutilengandik portaera ezberdinak espero izatea, etab.

2. Emakumezkoen erreferenteak falta direla salatzea eta baita gizonezkoen erreferente gehiegi daudela
Emakumezko erreferenteen faltaz ohartzeaz gain, gizonezko erreferente gehiegizkoen inguruan ere hausnartu beharko genuke, geure buruei galdetuz: zer emakume egon ziren gizon horien itzaletan? nolakoa zen emakumeen egoera garai hartan (ikasteko aukerak, rol sozialak…)? Horrez gain, ondorengoak egin ditzakegu:

  • * Zientzian indarrean dauden gizonen pribilegioak seinalatzea (adibidez, neska eta mutilengandik emaitza ezberdinak espero izatea eta nola itxaropen horiek eragina duten neska-mutilen eskola errendimenduan eta/edo gizon-emakumeen errendimendu profesionalean)
  • * Historian zehar zientzian eman diren jarrera sexistak agerian uztea (adibidez hainbat pentsalari handiren jarrera misoginoak)

3. Errealitatea eraikitzen duten estereotipoak deuseztatzea
Generoaren araberako gaitasun eta trebeziak aurreikusten dituzten estereotipoak desnaturalizatzea eta desagerraraztea (adibidez, mutilak mekanikarako onak eta neskak traketsak direlako ideia; mutilek besteak zaintzeko balio ez dutela eta neskek bai…). Zientzia eta teknologiaren esparruan bestelako erreferenteak sortzea: arlo maskulinizatuetan erreferente femeninoak beharrezkoak diren bezala, arlo feminizatuetan ere erreferente maskulinoen beharra dago (gizonezko erizainak, zaintzaileak, e.a.).

4. Bizitza erdigunean kokatzen duen zientzia egiteko moduak sustatzea
Zientziaren inguruan hausnartzea, eraikuntza soziala dela kontuan izanik eta bere oinarrian dauden botere-harremanak ikusgai eginez. Tradizioz emakumeen (eta maskulinitate hegemonikoarekin bat ez datozen bestelako subjektuen) jakintza izan direnak balioestea eta gordetzen duten zientzia agerian uztea, bizitzaren jasangarritasunerako oinarrizko jakintzak izanik, legitimatutako zientziatik at gelditu baitira. Hori lantzeko hainbat ideia:

  • * Bizitza sostengatzen duten zaintza-lanek barne hartzen duten zientzia ikusgai egitea.
  • * Zientzia bestelako arloekin lotzea (artea, historia edo kultura kasu) ikuspegi feministatik abiatuta, jakintzaren izaera monolitikoa kuestionatuz eta jakintza-arlo ezberdinen arteko hierarkiak hautsiz.
  • * Zaintzarekin lotutako lanetan emakume eta gizonen erantzunkidetasuna sustatzea.
  • * Eskolako curriculumetik kanpo gelditu ohi diren jakintza, gai eta espazioei arreta eskaintzea, adibidez baserritarren jakintzei edo nekazaritzari.
  • * Eskolako jangela, baratzea, etxea edota natura bezalako ikasketa-testuinguruei garrantzia ematea.
  • * Zientzia egiteko bestelako moduak balioestea eta ikusgai egitea, maskulinitate hegemonikotik urruntzen direnak, besteak beste: jakintzen ahozko transmisioa, dibulgazio edo pedagogiarekin zerikusia dutenak, etab.
  • * Bizipenetan oinarritutako ikuspegi pedagogiko eta kritiko batetik abiatuta lan egitea. Norbere emozioetatik abiatuta, neska-mutilekin alderdi afektiboa lantzea (bereziki mutilekin) sentipenak adieraz ditzaketela eta zaurgarri senti daitezkeela naturalizatuz.

Horra orain artekoak emandakoaren zenbait zertzelada. Erantzun baino galdera gehiago dauzkagu oraindik, eta zerbait garbi ikusi badugu hauxe da: asko dagoela oraindik ikertzeko eta bidearen hasieran gaudela. Tipi-tapa aurrera goaz, zientzia parekiderantz. Mila esker bidelagun zaituztegun guztioi!   
 

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter