BLOGA

Udako solstizioa ospatzeko hamaika arrazoi

Nines Alquézar Castillo

Maite ditut suak. Sugarrek hipnotizatu egiten naute euren dantza bihurriarekin eta berezkoa duten kris-kras jostariarekin. Horregatik, beharbada, suaren festa beti izan da nire ospakizun gogokoena. Izan ere, udako solstizioak nire barne-barneko zerbaitekin bat egin du txiki-txikitatik: sinboloz eta asmo onez beteriko eguna da eta magia eta ospakizunerako unea izan da antzinarotik kultura askotan.

Sorkinen ere, aurten erabaki dugu hemendik aurrera udako solstizioa urtero ospatuko dugula. Gau horretan gure arbasoek suak pizten zituzten egunari adio esan eta eguzkiaren indarra gurtzeko. Egun horretantxe iristen da eguzkia bere itxurazko altuera gorenera, eta horrek landareen bizitza-zikloetan eragina du, eta baita haien printzipio aktiboen kontzentrazioan ere. Hortik dator egun horretan landareak biltzeko ohitura, gero sendabelar gisa erabiltzeko. Euskal Herrian emakumeak arduratu ohi ziren landareak biltzeaz, eta ziurrenik ez zen kasualitate hutsa, ezpada euren zaindari-rolari lotutako zerbait, eta euren komunitateetan emakume jakintsuengandik jasotako ezagutzen ondorio ere bai. 

Aurten guk ere ospatu dugu udako solstizioa, ospakizunean ere tradizioari leku eginez. Ekainaren 21eko iluntzean Bilboko aldirietako zelai batean elkartu ginen naturarekin bat egin guran. Hainbat musika-instrumentu aldean, kandelen suaren inguruan zirkuluan eserita, aurrez bildutako belar usaintsu eta sendabelarrez osatutako ofrenda egin genuen, elkarrekin, gure lagun eta alabekin batera, antzinako emakume jakintsu haien ondarea ospatuz, sorginak gurtuz. Eguneroko errutinaren erritmoari planto eginez, gure asmo onei erreparatzeko denbora hartu genuen, kontzientzia osoz haiengan pentsatuz, isilik egon ginen hausnarrean. Egundoko energia sentitu genuen zirkuluaren erdian piztutako su txiki haren inguruan. Beharbada magia sortu zen ezerezetik, baina ziurrenik serotonina izan zen, ongizatea eragiten digun hormonetako bat, guk geuk sortua.  

Magia sortzeko gogo hori bera izan zen Elgoibarko Ekigain jaiari egin genion ekarpenean. Proiektu horrekin kultur dinamizazioaren alorrean pauso txiki bat eman genuen, modu ludiko eta sortzailean, tradizioak berreskuratu eta berrinterpretatuz. Ezin izan ginen Sallobente auzora hurbildu ekitaldia bertatik bertara ikusteko, baina hurrengo egunetan bideo hau helarazi ziguten eta irudiek ondotxo erakusten dute han izandako giro alaia.

Solstizioaren eragina ez da ekainaren 21era mugatzen, besteak beste, jatorrizko ospakizun paganoa egunez aldatu eta 23ko gauera pasa zelako, San Joan gaua bihurtuz. Tradizioaren arabera, hurrengo egunean, goizean goiz, oraindik ihintzaz bustita, biltzen ziren sendabelarrak (intsusa, garraiska, berbena, milorria edota malba, beste askoren artean). Emakumeek bildu ohi zituzten landareok, eta sorta edo erramillete sendatzaileak egiten zituzten haiekin, urtean zehar botika gisa baliatzen zituztenak infusiotan, hotzeria eta bestelako gaitzak sendatzeko. Horrez gain, ihintzak propietate sendagarriak zituela uste zen eta toki askotan oinutsik ibiltzen ziren belarretan egun hartako goizaldean. 

“Magia” horrek guztiak gordetzen duen zientziari buruzko ezagutzarik ez dugu, baina landareak egun horretan biltzearen arrazoi zientifikoa ezaguna da: printzipio aktiboak kontzentratzen dituzten unea da. San Joan goizean Orozko inguruetan Alma en Verdek antolatutako txangoak hori ulertzeko hainbat giltza ematen ditu; antzinako zientzia enpirikoak kimikarekin du zerikusia eta Fitoterapian badu bere lekua. Ekainaren 24ko goizean Orozkon egin genuen txangoan Alma en Verdeko Enkarna izan zen gure gidari eta halako kontuez aritu zitzaigun, baita tokiko landaredi anitzari buruz ere: sendabelarrak nola bilatu, bildu, prozesatu lehortu, kontserbatu eta erabili azaldu zigun. Eta sorginez eta ukenduez ere aritu ginen. Izan ere, Orozkon (eta baita Elgoibarren ere) badira udako solstizioari esanahi berezia ematen dioten pertsonak.  

Eta solstizioko ospakizunekin amaitzeko, azken jarduera bat izan genuen Sokinen ekainaren 25ean: dantza. Dantzak, banaka zein taldean, ahalbidetzen digu mugimenduaren bitartez emozioak adierazten, eta elkarren artean harremanak izateko modua ere bada. Dantzaren bidez sinbolikoa den munduari gerturatzen gatzaizkio, gure emozioak bizipen bihurtzeaz bat, modu osasuntsuan. Dagoeneko dinamizazio-jarduera bat edo bestetan erabili dugun tresna da dantza, eta oso harrera ona izan du, bizipenetan oinarritutako hezkuntzara hurbiltzen gaituelako.

Esan bezala, Sorkinen solstizioa ikasteko eta ospatzeko motibo dugu. Hain gogoko izan dugu aurtengoa ezen, datorren urtean gurekin bat egitera animatuko baitzaituztegu. Elkarrekin ospatuko ahal dugu!

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter