Trebakuntza

UNIBERTSITATEKO IRAKASLEEI ZUZENDUTAKO ‘HEZKIDETZARA SARRERA STEAM DIZIPLINETAN, JAKINTZETAN OINARRITUTAKO IKUSPEGITIK’ IKASTAROA

cursos fopu
Bi hitzetan: 

‘Hezkidetzara sarrera STEAM diziplinetan, jakintzetan oinarritutako ikuspegitik’ edozein alorretako unibertsitateko irakasleei zuzenduriko 12 orduko ikastaroa da (formakuntza presentziala). 

Markoa: 

STEAM alorretan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) hezkidetza lantzeko estrategiak garatzea eta unibertsitateko irakasleek ikuspegi hezkidetzailetik lan egin dezaten ahalbidetzea bilatzen duen ikastaroa da, ondoko helburu hauekin: genero-ekitatea bultzatzea (horretarako, gaur egun indarrean dagoen zientziaren nozio androzentrikoa auzitan jarriko da, emakumezko zientzialarien erreferenteak sortuko dira, emakumeen jakintzak balioetsiko eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko) eta irakasleei estrategia eta baliabide pedagogikoak erraztea, zientzia bestelako begiradatatik landu ahal izan dezaten genero-rol eta -estereotipoak deuseztatuz eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza bultzatuz.  

Jardueraren laburpena: 

Ikastaroaren oinarrian ideia hauxe dago: STEAM diziplinetan genero-desparekotasun nabariak ematen dira oraindik ere, eta beharrezkoa da horiei aurre egitea ikuspegi hezkidetzaile batetik abiatuta. Horretarako, ikastaroaren abiapuntu bezala aztertuko ditugu gaur egun indarrean dagoen zientzia ereduaren kausak eta ondorioak, hala nola hezkuntza eredu mistoarenak (desberdinkeria, diskriminazio moduak, emakumeen eta beren jakintzen ikusgaitasun eza, etab.). Ondoren, unibertsitateko STEAM alorretan zientzia bestelako begiradatatik irakasteko hainbat giltzarri teoriko eta metodologiko aztertuko ditugu, eta teknika eta proposamen ezberdinak mahaigaineratuko ditugu, irakasleek beren eguneroko lanean txertatu ahal izan ditzaten. Azkenik, curriculumeko edukiak nola landu aztertuko dugu, ondoko helburu hauek lortu ahal izateko: zientzia egiten duten emakumezko erreferenteak sortzea; emakumeek egiten dituzten zaintza lanak eta horiekin lotutako jakintzak balioestea, barne hartzen dituzten fenomeno zientifikoak bistaratuz; diziplinarteko irakaskuntza sustatzea, aurkikuntza zientifikoen testuingurua aipatuz eta zientzia historiarekin, artearekin eta kulturartekotasunarekin lotzen dituen erreferentziak aipatuz.

‘Hezkidetzara sarrera STEAM diziplinetan, jakintzetan oinarritutako ikuspegitik’ ikastaroko bi edizio ospatu ditugu orain arte. Lehena 2018ko ekainean izan zen UPV/EHUko Leioako campusean eta 10 parte-hartzaile izan zituen ikastaroak, guztiak ere emakumeak, ingeniaritza, didaktika eta farmakologia sailetatik zetozenak, besteak beste. Bigarren edizioa 2019ko maiatzean ospatu genuen, Errioxako Unibertsitateko Logroñoko campusean. 8 parte-hartzaile izan zituen ikastaroak, nagusiki sail ezberdin hauetakoak: hezkuntza-zientziak, matematika eta konputazioa, zuzenbidea. 

  • Pdf honetan topa dezakezu UPV/EHUn emandako ikastaroari buruzko informazio gehigarria.
  • Pdf  honetan topa dezakezu Errioxako Unibertsitatean emandako ikastaroari buruzko informazio gehigarria.
cursos fopu-1
cursos fopu-2
cursos fopu-3
cursos fopu-4
cursos fopu-5
cursos fopu-6

“EMAKUMEEN JAKINTZEK GORDETZEN DUTEN ZIENTZIA” IKASTAROA, BIGARREN HEZKUNTZA, BATXILERGO ETA LANBIDE-HEZIKETAKO IRAKASLEEI ZUZENDUA

Imagen de la primera sesión del curso Prest Gara
Bi hitzetan: 

‘Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia’ ikastaroa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide-Heziketako hainbat arlotako irakasleei zuzenduta dago (ez soilik alor zientifiko-teknologikoak, bestelako alorrei zuzendutako zeharkako formakuntza gisa diseinatu baita). 30 orduko iraupena du, bi fasetan banatuta: 15 presentzial formakuntzarako eta 15 irakasleek ikastegian beren ikasleekin lan egiteko.

Markoa: 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako Prest Gara EAEko irakasleentzako prestakuntza-eskaintzaren baitan txertatutako ikastaroa da. Ikastaroan hezkuntza formalaren alorrean nerabeekin lan egiten duten irakasleei zuzendutako material didaktiko hezkidetzailea aurkeztu eta esperimentatu dugu, honako helburu hauekin: irakasleei ideiak ematea eduki zientifikoak gazteekin bestelako ikuspegietatik landu ditzaten, gozamenean eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza bultzatuz; zientzia ageriko egitea, normalean loturarik ikusten ez diogun eguneroko espazio eta gaietan etxean, naturan, artean, historian, musikan, literaturan…); jarduera osagarriak bultzatzea (hala nola txangoak, rol-jokoak, dinamika parte-hartzaileak) eta eduki kurrikularren bitartez landu daitezkeen jarduerak proposatzea, oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzeko.

Jardueraren laburpena: 

Ikastaroko edukiak Sorkin elkartetik sortu dugun hezkidetzako irakaskuntza-material zehatz batean oinarriturik daude: ‘Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia’ gida didaktikoan. Nerabeekin lan egiten duten hezitzaileei zuzendutako materiala da, helburu duena zientzia irakastea bestelako begiradatatik, neskak ahalduntzea eta mutilengan jarrera parekideak sustatzea.

Ikastaroaren bitartez honako hauek lortu nahi ditugu: alor zientifiko-teknologikoan emakume eta gizonen artean dauden desparekotasunak eta diskriminazio-motak ikusgai egitea, jasotako hezkuntzarekin duten harremana bistaratuz; zientzian lan egiten duten pertsonen inguruko iruditeria estereotipatuari aurre egiteko estrategiak erakustea; indarrean dagoen zientziaren ikuskera kuestionatzeko eta zabaltzeko giltzarriak ematea; zientzia eta teknologiaren aurrerapenei buzoko hausnarketa sustatzea, eta aurrerapen horiek pertsonen bizi-baldintzen hobekuntzarekin duten harremanari buruzkoa; emakumezko baserritarren jakintzak ikusgai egitea, balioestea eta aitortzea, barne hartzen duten zientzia inplizitua erakutsiz; historian zehar zientziari ekarpenak egin dizkioten emakumezko zientzialariak ikusgai egitea, balioestea eta aitortzea, eta horrekin batera emakumezko erreferenteak sortzen laguntzea zientziaren hainbat arlotan; diziplinarteko ikaskuntza sustatzea, zientzia bestelako hainbat jakintza-arlori lotuz: historia, artea, kultura, teknologia berriak, e.a.

Oraingoz ikastaroaren lehen edizioa eman dugu, 2018/2019 ikasturtean. DBH, Batxilergo eta Lanbide-Heziketako 7 irakaslez osatutako ikasle-talde heterogeneoak parte hartu zuen, askotariko ikasgaietan arituak: teknologia, fisika eta kimika, ekonomia, matematika, filosofia, lanerako prestakuntza eta orientabideak.

prest gara-1
prest gara-2
prest gara-3
prest gara-4
prest gara-5

“kontZIENTZIAturik”: ZIENTZIA BESTELAKO BEGIRADATATIK BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASGELETAN, NESKAK AHALDUNDUZ ETA MUTILENGAN JARRERA BERDINZALEAK SUSTATUZ

kontZIENTZIAturik_conCIENCIAdas
Bi hitzetan: 

Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko bigarren hezkuntzako irakasleei laguntzea euren ikasleengan kontzientzia kritikoa pizten euren etorkizuneko lanbidea aukeratzeko orduan dauden desparekotasunen inguruan. Helburua neskak ahalduntzea da parekidetasun erreala lortzeko eta aukera-berdintasunean garatu ahal izan ditzaten euren bizitza pertsonala eta profesionala.

Markoa: 

Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau; emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. “Zientzia ikasgelatik kanpo egitea bestelako begiradatatik” proiektuan metatutako esperientziatik abiatuta, hezkuntza formalaren esparrura jauzi egingo dugu proiektu honekin. 2018/2019 ikasturtean garatu genuen proiektuaren lehen fasea eta 2019/2020 ikasturtean garatuko dugu bigarrena.

Jardueraren laburpena: 

Proiektuaren lehen fasean, 2018/2019 ikasturtean, ondoko emaitzak lortu ditugu: 

1) “Jakintzak eta zientzia: esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileak Bigarren Hezkuntzan” jardunaldia antolatzea, hezkuntza formalaren esparruko eragileekin lankidetzarako elkargune bat eratzeko asmoz.

2) Ikasgelan erabiltzeko jarduera-fitxak sortzea, emakumeek garatutako jakintza kolektiboa eta ezagutzak ikusgai eginez, ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta ugalketa- eta zaintza-lanak balioetsiz.

Martxan dagoen 2019/2020 ikasturtean zehar burutuko dugun bigarren fasean, Eraldaketarako Hezkuntza eta hezkidetza oinarri dituen ikuspegiaz lan egiten jarraituko dugu, lehen faseko emaitzetan sakondu asmoz. Horretarako, besteak beste, ondoko jarduera hauek burutuko ditugu:

  • -Bigarren Hezkuntzan eskolak ematen dituzten hezitzaileekin elkarlanean hausnarketa-prozesua
  • -Hainbat gizarte-eragilerekin batera eztabaida, elkartruke eta elkarlanerako espazioak sortzea proiektuaren ikuspegi pedagogikoa eta komunikazio-ahalmena indartzeko
  • -“Hezkidetza, jakintza eta zientzia: emakumeen jakintzak bigarren hezkuntzako ikasgeletan zientzia bestelako begiradatatik lantzeko tresna gisa” ikastaroko material didaktikoak sortzea eta ikastaroaren lehen edizioa  ematea, bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendurik

#kontZIENTZIAturik traolaz zabalduko dugu proiektuari buruzko informazio guztia sare sozialetan.

proy DFBcoop-1
proy DFBcoop-2
proy DFBcoop-3
proy DFBcoop-4
proy DFBcoop-5
proy DFBcoop-6

ZIENTZIA IKASGELATIK KANPO EGITEA BESTELAKO BEGIRADATATIK, NESKAK AHALDUNTZEKO ETA MUTILENGAN MASKULINITATE BERRIAK SUSTATZEKO

HACER CIENCIA DESDE OTRAS MIRADAS FUERA DE LAS AULAS
Bi hitzetan: 

Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko nerabeei kontzientzia kritikoa piztea euren etorkizuneko lanbidea aukeratzerako orduan dauden desparekotasunen inguruan. Horrekin batera, ugalketa- eta zaintza-lanei duten balioa aitortu nahi diegu. Horretarako, emakumeek historian zehar garatutako jakintza nabarmenduko dugu, emakumeen ekarpen eta ezagutzak ikusgai eginez eta ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta balioetsiz.

Markoa: 

Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau, emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. 2017an zehar garatu genuen proiektuaren lehen fasea, zeinetan osatu baikenuen “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoa. 2018an zehar bigarren fasea burutu dugu.

Jardueraren laburpena: 

Proiektuaren helburu nagusia da jarduera ludiko-hezitzaileak proposatzea, nesken ahalduntzea bultzatuko dutenak eta mutilen artean maskulinitate berdinzaleak garatzea. Horretarako, zientziaren gaur egungo ikuspegi androzentrikoa auzitan jarriko dugu, emakume zientzialarien erreferenteak bultzatuko ditugu, emakumeen jakintzari duen balioa aitortuko diogu eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko ditugu.

Proiektuaren II. fasean ondoko jarduera hauek burutu ditugu:   

  • Hezkuntza ez-formalaren alorreko eragileen artean hausnarketa, topaketa eta elkarlanerako guneak sortu ditugu, mutil eta neska nerabeen arteko parekidetasunaren aldeko ekimenak gauzatzeko eta elkarren arteko aliantzak eraikitzeko. Horren lekuko dira mikromatxismoen inguruko eta maskulinitate berrien inguruko hausnarketa-prozesuak eta, batez ere, 2019ko otsailean ospatutako “Jakintza eta zientzia” jardunaldiak, han sozializatu baigenituen proiektuan egindako aurrerapenak eta sortutako material didaktikoa. 
  • Gazteekin maskulinitate berriak eta mikromatxismoak lantzeko dauden erremintetan sakontzea, sortuko dugun material didaktikoan txertatzeko. Horretarako, bi hausnarketa-prozesu paralelo bideratu ditugu, honako gai hauen inguruan:
  • “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidaren osagarri izan daitekeen material didaktiko berria sortzea eta zabaltzea, eragile lankideekin egindako lanaren emaitzak biltzen dituena. Hain zuzen ere, 10 fitxa didaktiko sortu ditugu, gazte nerabeekin hezkuntza ez-formaleko espazioetan erabiltzeko aproposak. Doan deskarga ditzakezu hemen
Presentación Marienea
Taller jovenes, semillas
Taller jovenes, huevos
Sesión nuevas masculinidades
Sesión micromachismos
Congreso tiempo libre

Orriak