Hezkuntza ez-formalaren esparruan nerabeekin lan egiten duten pertsonei zuzenduta dago Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia gida didaktikoa. Gaur egungo “zientzia” nozioaren berrikuspen kritikoa proposatzen du eta zientziara hurbiltzeko bestelako begiradak aintzat hartzen ditu, ikuspegi feministatik eta metodologia parte-hartzaileetatik abiatuta.
Gida didaktikoa 2017an zehar garatutako proiektuaren emaitza da, eta berau argitaratzeaz gain, proiektuan ondoko lanak burutu ditugu:
Lan horiek guztiak burutu ahal izateko, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko diru-laguntza bat jaso genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. 2018an proiektuari jarraipena emango diogu.
Lan honek bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, neska nerabeak ahalduntzen lagundu nahi dugu eta haiengan zientzia-bokazioa sustatzen. Beste alde batetik, mutil nerabeen artean maskulinitate berriak bultzatu nahi ditugu eta zaintza-lanetan erantzunkide izan daitezen.
Horretarako, inguratzen gaituen androzentrismoaren inguruko kontzientzia kritikoa sustatzea proposatzen dugu, eta zientzia berri bat bultzatzea, ikusgarri eginez emakumezko zientzialariak eta beren jakintzak, eta aitortuz pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duten garrantzia.
Gida hezkuntza ez-formalaren alorrean diharduten pertsona hezitzaileei zuzenduta dago eta hausnarketa eta ekintza bultzatu nahi ditu berauengan, beren espaziora egokitu eta eguneroko lanean txertatzeko moduko informazioa eta erreminta praktikoak erakutsiz. Hezkuntza ez-formaleko espazioetan jarri nahi izan dugu fokua material honekin, uste baitugu askotan ez zaiola behar bezalako arreta jartzen espazio horiek duten garrantziari, bai genero-rol, -estereotipo eta -harremanak eraikitzerako orduan, eta baita zientzia –kontzienteki zein ez− irakasteko eta transmititzeko orduan ere. Uste dugu garrantzitsua dela espazio horietarako material espezifikoak sortzea eta beren garrantzia azpimarratzea.
2018ko otsailean Bizkaiko hiru udalerritan aurkeztu genuen gida: Bilbon, Barakaldon eta Getxon. Aurkezpenotan, gida zergatik sortu genuen, zer egitura duen eta biltzen dituen edukiak azaltzeaz gain, ohiko hitzaldi formatutik haratago joan ginen eta entzuleak parte-hartzaile bihurtu genituen erakusketa interaktibo baten bidez. Erakusketa, txoko deitu genien zortzi gunez osatu genuen; bakoitzean askotariko informazio eta elementuak bildu genituen (haziak, ogia, barazkiak, hainbat modutara prestatutako arrautzak, herri-medikuntzako errezetak, garbigarriak sortzeko lehengaiak, emakumezko zientzialarien argazkiak, e.a.) eta publikoko pertsonei gonbidapena luzatu genien euren ezagutzak partekatzeko eta nahierara esperimentatzeko. Hala, uste dugu erakusketak eragindako bizipenen bitartez lortu genuela bertaratutakoek emakumezko zientzialariak aintzat hartzea.
Hementxe duzu gidaren laburpen bat, azaltzen duena zergatik sortu genuen eta eduki nagusiak zeintzuk diren. Horrez gain, hemen gida osoa deskargatzeko aukera ere baduzu.
(Ilustrazioaren egilea: Leire Llano)