GIDA DIDAKTIKOAREN DISEINUA: “JAN ETA IKASI, ESKOLATIK HASI”
Sorkin, JAN ETA IKASI: ESKOLATIK HASI 2.0 gidaren diseinu eta sorrera prozesuaren parte izan da. Gidak gure jantokiak osasungarriago, hezigarriago, hurbilago, agroekologikoago eta bidezkoago bihurtzeko lehen urratsetak ematen lagundu nahi duten jarraibideak, ideiak eta orientabideak biltzen ditu.
Gida hau, Bidezko Elikadura, EHIGE eta jantokiaren kudeaketa propioara pasatu diren proiektu pilotuen ordezkariekin batera egin da. Eragile guztia hauek osatzen dugu Gure Platera Gure Aukera (GPGA). Ekimen hau 24 kolektibok bultzatuta dago eta eskola komunitateetan, lehen sektorean eta gizartean, oro har, dagoen eskaera batetik sortzen da, Euskadiko eskola-jantokien gaur egungo eredua aldatzeko helburuz. Gure proposamena, misioa eta jantokien karakterizazioa dokumentuan azaltzen dugu.
GPGA ekimenari informazioa eta aholkua etengabe eskatzen zitzaionez, 2018. urtearen hasieran tresna hurbil, praktiko eta eskuragarri bat sortzea erabaki zen, interesa zuen edonorentzat. Horretarako, Sorkinek lantalde bat dinamizatu zuen, EHIGEk, BIGEk, Bidezko Elikadurak eta euren jantokiak kudeatzen hasi diren 4 proiektu pilotuetako guraso-elkarteetako ordezkariek osatua. Kolektibo horiek euren jakintzak partekatu zituzten eta parte hartze bidez ezarri zuten informazioa nola egituratu behar zen eta zer eduki sartu behar ziren.
Horrekin guztiarekin, bada, gida hau egin genuen. Gida honako gai hauetan kezkatuta dauden pertsona guztiei zuzenduta dago: ikastetxeetan haurrek eta gazteek zer jaten duten, horrekin zer ikasten ari diren eta gure komunitatean eta ingurunean zer eragin duen.
2.0 tresna honen bitartez, ekintzara pasatzera animatu nahi dugu, garatutako esperientzia partekatuz eta jarraibideak, ideiak eta orientabideak emanez. Hala, erkidego bakoitzari gehien komeni zaion jantoki-eredua lortzeko behar diren urratsak ematen joan nahi dugu, karakterizazioan jasotzen diren printzipioen arabera (hau da, jantoki-eredua hezitzailea, agroekologikoa, osasungarria, gertukoa eta bidezkoa izatea).
Prozesuak bizirik dirau. Irakasleek, ikasleek eta jantokiko langileek aurretik parte hartu ez zutela kontuan hartuta, 2019an, GPGAk karakterizazioa kontrastatzeko prozesu bat egin zuen. Gero, prozesu horren emaitzak eta ekarpenak sartu genituen gidan, hasierako edukiak aberastuz. Gainera, datorren urtean araudia berrikusteko eta prozesuan egindako ikaspenak eta jardunbide egoki batzuk txertatzeko asmoa dugu.
“Ekonomia solidarioa: ekonomia eraldatu, gure mundua eraldatzeko” GIDAREN PROPOSAMEN DIDAKTIKOA
“Ekonomia solidarioa: ekonomia eraldatu, gure mundua eraldatzeko” gida didaktikoa REAS Euskadik egindako eduki-proposamenaren osagarri da. Eduki horiek praktikan jartzeko hamaika jarduera zehatz ditu eta gazteen zein helduen hezkuntza-arlo formal zein informalean lan egiten duten pertsona eta kolektiboei zuzenduta dago.
Material hau, beraz, REAS Euskaditik sortutako lan-proposamena da eta bi zati hauek ditu: REAS Euskadik egindako eduki-proposamena eta Sorkinek Pepe Ruiz Osororen laguntzaz egindako proposamen didaktikoa.
Hala, gidak ekonomia eta bere pentsamoldea eta praktikak eraldatzeko beharra nabarmendu nahi ditu, ekonomia bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen duen ikuspegi kritiko batetik birpentsatzearen garrantzia azpimarratuz.
Proposamen didaktikoak hamaika jarduera zehatz ditu eta hauek gidako edukiak lantzen eta eduki berriak gehitzen dituzte.
Proposamen didaktikoa gure ikuspegi pedagogikoaren arabera garatzeko, honako lan-ildo hauetan oinarritu gara: bizitza erdigunean jartzen duen hezkuntza, bizipen bidezko ikasketa eta hezkuntza kritikoa eta emantzipatzailea.
Hori guztia garatzeko honako metodologia hauek erabili ditugu: bideoa ikusi, bakarkako lana, hausnarketa kolektiboa, diseinu sortzailea, dilema etikoa, rol-jokoak, talde-dinamika, jolas kooperatiboa, talde-diagnostikoa, talde-ikerketa lana eta esperientzien mapaketa.
Jarduera bakoitza honako eskema honen arabera garatu da:
- Sarrera laburra, landuko diren edukiak azaltzeko.
- Jardueran bete ahal izango diren helburu didaktikoak.
- Jarduera egiteko aurreikusitako denbora.
- Jarduera gauzatzeko behar diren baliabideak.
- Jardueran erabilitako metodologiak.
- Jardueraren garapena bera, zehatz-mehatz espezifikatuta.
- Hezitzaileentzako material lagungarriak, hala nola, artikuluak, bideoak eta abar, landu beharreko edukietan sakontzeko balio izango dutenak.
- Jardueraren garapenean egin daitezkeen aldaketak. Hemen jardueraren denboretan, edukietan eta abarretan aldaketak egiteko ideiak ematen ditugu.
- Beharrezkoa den kasuetan, jardueraren garapenean erabiltzeko balio duten eranskinak.
Hemen deskarga dezakezu proposamen didaktikoa eta hemen eduki-proposamena.
“kontZIENTZIAturik”: ZIENTZIA BESTELAKO BEGIRADATATIK BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASGELETAN, NESKAK AHALDUNTZEKO ETA MUTILENGAN JARRERA BERDINZALEAK SUSTATZEKO
Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko bigarren hezkuntzako irakasleei laguntzea euren ikasleengan kontzientzia kritikoa pizten euren etorkizuneko lanbidea aukeratzeko orduan dauden desparekotasunen inguruan. Helburua neskak ahalduntzea da parekidetasun erreala lortzeko eta aukera-berdintasunean garatu ahal izan ditzaten euren bizitza pertsonala eta profesionala.
Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau; emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. “Zientzia ikasgelatik kanpo egitea bestelako begiradatatik” proiektuan metatutako esperientziatik abiatuta, hezkuntza formalaren esparrura jauzi egingo dugu proiektu honekin. 2018/2019 ikasturtean garatu genuen proiektuaren lehen fasea eta 2019/2020 ikasturtean garatuko dugu bigarrena.
Proiektua osatzen duten bi faseetan zehar, 2018/19 eta 2019/20 ikasturteetan, hezkidetzako eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako ikuspegi batekin lan egin dugu eta honako hauek lortzen lagundu dugu:
1) Hezkuntza formalari lotutako eragileen arteko topaketarako eta sare-lanerako eremuak sortzea, honako hauen bitartez:
- "Jakintza eta zientzia: esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileak bigarren hezkuntzan" jardunaldiak.
- “Hezkidetza, jakintzak eta zientzia: emakumeen jakintzak bigarren hezkuntzako geletan zientzia beste ikuspegi batzuetatik egiteko tresna gisa” online ikastaroa.
- Beste gizarte eragile batzuekin ditugun lankidetzarako elkarguneak, proiektuaren ikuspegi pedagogikoa eta komunikazio dimentsioa sakontzeko helburua dutenak.
2) Emakumeek sortutako ezagutza kolektiboa balioestea, eta kategorizatzea eta euren ekarpenak eta jakintzak, horietan dagoen zientzia, eta zaintza lana eta lan erreproduktiboa bistaratzea, honako hauen bitartez:
- Bigarren hezkuntzako geletan aplikatzeko jarduera fitxak garatzea.
- Lehenengo emaitzen artean aipatutako “Hezkidetza, jakintzak eta zientzia: emakumeen jakintzak bigarren hezkuntzako geletan zientzia beste ikuspegi batzuetatik egiteko tresna gisa” ikastaroaren materialak garatzea.
Proiektuari buruzko informazio guztia sare sozialetan zabaldu dugu #kontZIENTZIAturik hashtagarekin, eta ikastoari dagokiona #cursoConCIENCIAdas hashtagarekin.
ZIENTZIA IKASGELATIK KANPO EGITEA BESTELAKO BEGIRADATATIK, NESKAK AHALDUNTZEKO ETA MUTILENGAN MASKULINITATE BERRIAK SUSTATZEKO
Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko nerabeei kontzientzia kritikoa piztea euren etorkizuneko lanbidea aukeratzerako orduan dauden desparekotasunen inguruan. Horrekin batera, ugalketa- eta zaintza-lanei duten balioa aitortu nahi diegu. Horretarako, emakumeek historian zehar garatutako jakintza nabarmenduko dugu, emakumeen ekarpen eta ezagutzak ikusgai eginez eta ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta balioetsiz.
Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau, emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. 2017an zehar garatu genuen proiektuaren lehen fasea, zeinetan osatu baikenuen “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoa. 2018an zehar bigarren fasea burutu dugu.
Proiektuaren helburu nagusia da jarduera ludiko-hezitzaileak proposatzea, nesken ahalduntzea bultzatuko dutenak eta mutilen artean maskulinitate berdinzaleak garatzea. Horretarako, zientziaren gaur egungo ikuspegi androzentrikoa auzitan jarriko dugu, emakume zientzialarien erreferenteak bultzatuko ditugu, emakumeen jakintzari duen balioa aitortuko diogu eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko ditugu.
Proiektuaren II. fasean ondoko jarduera hauek burutu ditugu:
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida zabaltzen jarraitu dugu, informazio-bilera zein aurkezpen publikoen bidez. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Basauriko Marienea Emakumeen etxean egindako aurkezpena, edota Halabedi irratiko Suelta la olla irratsaioko zientzia eta pentsamendu kritikoari buruzko atalean kolaborazioa.
- Hezkuntza ez-formalaren alorreko eragileen artean hausnarketa, topaketa eta elkarlanerako guneak sortu ditugu, mutil eta neska nerabeen arteko parekidetasunaren aldeko ekimenak gauzatzeko eta elkarren arteko aliantzak eraikitzeko. Horren lekuko dira mikromatxismoen inguruko eta maskulinitate berrien inguruko hausnarketa-prozesuak eta, batez ere, 2019ko otsailean ospatutako “Jakintza eta zientzia” jardunaldiak, han sozializatu baigenituen proiektuan egindako aurrerapenak eta sortutako material didaktikoa.
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidako jarduera ludiko-hezitzaileak hobetzea, hainbat eragile lankideren eta nerabeen ekarpenak kontuan harturik, ekintza hauen bitartez lortuak:
- Astialdi hezitzaileari buruzko nazioarteko I. kongresuan parte-hartzea aurkezpen honekin.
- Gazte nerabeekin Bilboko Gaztegune batean egindako testatze tailerra, Proclade Yanapay elkartearen laguntzarekin.
- Gazteekin maskulinitate berriak eta mikromatxismoak lantzeko dauden erremintetan sakontzea, sortuko dugun material didaktikoan txertatzeko. Horretarako, bi hausnarketa-prozesu paralelo bideratu ditugu, honako gai hauen inguruan:
- Mikromatxismoak zientzian eta nola horiei aurre egin nerabezaroan: hemen topa ditzakezu hausnarketak emandako emaitza nagusiak.
- Maskulinitatea-zientzia-nerabezaroa trinomioaren arteko harremanak eta nola hasi lantzen zientzia parekidea mutil nerabeekin: hemen topa ditzakezu horretarako hainbat proposamen.
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidaren osagarri izan daitekeen material didaktiko berria sortzea eta zabaltzea, eragile lankideekin egindako lanaren emaitzak biltzen dituena. Hain zuzen ere, 10 fitxa didaktiko sortu ditugu, gazte nerabeekin hezkuntza ez-formaleko espazioetan erabiltzeko aproposak. Doan deskarga ditzakezu hemen.