Irudia: Blanka Gómez de Segura Euskal Buztingintza Museoan duen lantegian.
* Sarrera honek Pikara Magazine aldizkarian dugun "Jakintzen irauleak" atalean argitaratutako “Moldeando ciencia con las manos: Blanka Gómez de Segura, maestra alfarera” artikuluan garatu genuen alde zientifikoa osatzen du.
Euskal Buztingintza Museoari egindako bisitan gure anfitrioi Blanka Gómez de Segurarekin hitz egiteko aukera izan genuen eta portzelanagintza prozesuak duen zientzia izan genuen hizpide.
Portzelana zeramikazko material bat da, jatorriz artisau eran ekoizten zena, eta kaolina du osagai nagusi. Kaolina Txinako Jiangxi probintziako Kao-Ling menditik dator eta ezagutzen den buztinik puruena da. Silizez, aluminaz eta urez osatuta dago eta bere formula kimikoa honako hau da: Al3Si2O5(OH)4 (disilikato aluminiko dihidratatua). Hala ere, denbora luzez ez dugu askoz gehiago jakin bere elaborazio prozesuaz; izan ere, zetarekin gertatzen zen bezalaxe, hura Ekialdeko sekretu bat zen.
Mendebaldean, XVIII. mendearen hasierara arte ez zen benetako portzelana egiteko modua aurkitu (ordura arte, pasta fineko portzelanazko piezak egiten ziren, prozesua imitatzeko saiakera bat besterik ez zena). Hala, Ekialdeko Alemaniako Kolditz meategietatik lur fin eta grisaxka bat erauztea lortu zen, lehen aipatutako kaolin ospetsua, alegia. Portzelana egiteko, hura kiskalitako alabastroarekin eta feldespatoarekin nahastu zen, baina, oraingoan, elaborazio prozesuaren elementurik berritzaileena egosteko modua izan zen, hau da, ezohiko tenperaturan, 1300-1400 gradutan, eta hamabi orduz jarraian.
Beraz, teknika honek, ikusten dugun bezala, izugarrizko zientzia alkimikoa dauka.