PROIEKTUAK

IKUSI MAKUSI… EMAKUME ZIENTZIALARIAK

VEO VEO...MUJERES CIENTÍFICAS
Bi hitzetan: 

“Ikusi makusi... emakume zientzialariak”  2016 urtean hasi genuen proiektua da. Jolasak tresna pedagogiko gisa duen potentziala aztertzen dugu bertan, neskei alor zientifiko- teknologikoarekiko interesa pizteko.

Markoa: 

Heziketa zientifikoari buruzko gure lan-ildotik ikertu dugu zeintzuk diren arrazoiak alor zientifiko-teknologikoan estereotipoak eraikitzeko, eta rolak eta genero-harreman ez-parekideak  betikotzeko.  Era berean, ikuspegi pedagogiko ezberdinek desparekotasun horiek sakontzeko orduan duten eragin handia berresteko aukera izan dugu. Gure ondorio nagusia da ezinbestekoa dela bestelako proposamen hezitzaileak garatzea, existitzen diren diskriminazioak desagerrarazten lagunduko dutenak eta ikuspegi feministatik hurbilduko direnak bestelako begiradak aintzat hartzen dituen zientziara. 

Jardueraren laburpena: 

Orain arte egindako ikerlanak hipotesi hau izan du abiapuntu: Gaur egungo jolas gehienek darabilten zientziaren ikuspegiak, hala nola sexuaren arabera ezberdinduak izateak, ez dute sustatzen emakumezkoek alor zientifiko-teknologikoan parte hartzea.

Uste dugu horixe gertatzen dela, alde batetik, jolasak hezkuntza-erreminta garrantzitsua direlako: baloreak zabaltzen dituzte eta umeengan eragina dute, nola nortasunean, hala gaitasunen garapenean ere . Horrez gain,  ikusi da erabakigarriak direla estereotipoak eraikitzeko eta rolak betikotzeko orduan, umeei mota ezberdinetakoak eskaintzen zaizkielako txiki-txikitatik sexuaren arabera. Era berean, zientziak, gaur egun egituratuta dagoen bezala, oinarrian patroi androzentriko eta sexistak ditu, eta bere ezaugarri dira: ikusezin bihurtzea alor zientifiko- teknologikoan ekarpenak egin dituzten emakumezkoen gehiengo handia, eta zilegitasuna kentzea bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten jakintzek duten oinarri zientifikoei, tradizionalki emakumezkoek garatu dituzten horiei.

Azkenik, ikerlan honetan goian azaldutako joera alderantzikatu lezaketen proposamen ludiko-hezitzaileak aztertu ditugu, helburu dutenak: genero-rol eta -estereotipoak deseraikitzea; bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten jakintzak ikusgai egitea, balioestea eta duten zientzia-balioa aldarrikatzea; emakumezko erreferenteak sortzea; umeen gaitasunak berdintasun-baldintzetan garatzea alor zientifiko-teknologikoan, sexuarekiko modu independentean.

Aurreko guztiagatik uste dugu aldaketa beharrezkoa dela gaur egungo jokoen diseinuan eta eskaintzan, lanbide zientifiko-teknologikoetan dauden genero-ezberdintasunak desagerraraziko baditugu.

Proiektu honen baitan kokatzen da ‘Emakumezko zientzialariak eta hezkuntza: jolasa baliabide pedagogiko gisa neskengan zientzia-bokazioak sustatzeko’ izenburuko posterra.  Bilbon 2018ko uztailean ospatutako XII. Zientzia, Teknologia eta Generoko Iberoamerikar Biltzarrean aurkeztu dugu, ‘STEAM diziplinak: ibilbide akademiko-profesionaletako eragina’ sail tematikoaren barruan.

Proiektuari jarraipena emateko, datozen hilabeteetan zehar finantzazio-iturriak bilatzen jarraituko dugu eta beronekin zerikusia duten jarduerak gauzatzen.

(Argazkia: Joseba Sainz de Murieta)

 

Compartir en Facebook Compartir en Twitter