Ikerkuntza

“kontZIENTZIAturik”: ZIENTZIA BESTELAKO BEGIRADATATIK BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASGELETAN, NESKAK AHALDUNDUZ ETA MUTILENGAN JARRERA BERDINZALEAK SUSTATUZ

kontZIENTZIAturik_conCIENCIAdas
Bi hitzetan: 

Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko bigarren hezkuntzako irakasleei laguntzea euren ikasleengan kontzientzia kritikoa pizten euren etorkizuneko lanbidea aukeratzeko orduan dauden desparekotasunen inguruan. Helburua neskak ahalduntzea da parekidetasun erreala lortzeko eta aukera-berdintasunean garatu ahal izan ditzaten euren bizitza pertsonala eta profesionala.

Markoa: 

Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau; emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. “Zientzia ikasgelatik kanpo egitea bestelako begiradatatik” proiektuan metatutako esperientziatik abiatuta, hezkuntza formalaren esparrura jauzi egingo dugu proiektu honekin. 2018/2019 ikasturtean garatu genuen proiektuaren lehen fasea eta 2019/2020 ikasturtean garatuko dugu bigarrena.

Jardueraren laburpena: 

Proiektuaren lehen fasean, 2018/2019 ikasturtean, ondoko emaitzak lortu ditugu: 

1) “Jakintzak eta zientzia: esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileak Bigarren Hezkuntzan” jardunaldia antolatzea, hezkuntza formalaren esparruko eragileekin lankidetzarako elkargune bat eratzeko asmoz.

2) Ikasgelan erabiltzeko jarduera-fitxak sortzea, emakumeek garatutako jakintza kolektiboa eta ezagutzak ikusgai eginez, ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta ugalketa- eta zaintza-lanak balioetsiz.

Martxan dagoen 2019/2020 ikasturtean zehar burutuko dugun bigarren fasean, Eraldaketarako Hezkuntza eta hezkidetza oinarri dituen ikuspegiaz lan egiten jarraituko dugu, lehen faseko emaitzetan sakondu asmoz. Horretarako, besteak beste, ondoko jarduera hauek burutuko ditugu:

  • -Bigarren Hezkuntzan eskolak ematen dituzten hezitzaileekin elkarlanean hausnarketa-prozesua
  • -Hainbat gizarte-eragilerekin batera eztabaida, elkartruke eta elkarlanerako espazioak sortzea proiektuaren ikuspegi pedagogikoa eta komunikazio-ahalmena indartzeko
  • -“Hezkidetza, jakintza eta zientzia: emakumeen jakintzak bigarren hezkuntzako ikasgeletan zientzia bestelako begiradatatik lantzeko tresna gisa” ikastaroko material didaktikoak sortzea eta ikastaroaren lehen edizioa  ematea, bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendurik

#kontZIENTZIAturik traolaz zabalduko dugu proiektuari buruzko informazio guztia sare sozialetan.

proy DFBcoop-1
proy DFBcoop-2
proy DFBcoop-3
proy DFBcoop-4
proy DFBcoop-5
proy DFBcoop-6

ZIENTZIA IKASGELATIK KANPO EGITEA BESTELAKO BEGIRADATATIK, NESKAK AHALDUNTZEKO ETA MUTILENGAN MASKULINITATE BERRIAK SUSTATZEKO

HACER CIENCIA DESDE OTRAS MIRADAS FUERA DE LAS AULAS
Bi hitzetan: 

Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko nerabeei kontzientzia kritikoa piztea euren etorkizuneko lanbidea aukeratzerako orduan dauden desparekotasunen inguruan. Horrekin batera, ugalketa- eta zaintza-lanei duten balioa aitortu nahi diegu. Horretarako, emakumeek historian zehar garatutako jakintza nabarmenduko dugu, emakumeen ekarpen eta ezagutzak ikusgai eginez eta ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta balioetsiz.

Markoa: 

Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau, emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. 2017an zehar garatu genuen proiektuaren lehen fasea, zeinetan osatu baikenuen “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoa. 2018an zehar bigarren fasea burutu dugu.

Jardueraren laburpena: 

Proiektuaren helburu nagusia da jarduera ludiko-hezitzaileak proposatzea, nesken ahalduntzea bultzatuko dutenak eta mutilen artean maskulinitate berdinzaleak garatzea. Horretarako, zientziaren gaur egungo ikuspegi androzentrikoa auzitan jarriko dugu, emakume zientzialarien erreferenteak bultzatuko ditugu, emakumeen jakintzari duen balioa aitortuko diogu eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko ditugu.

Proiektuaren II. fasean ondoko jarduera hauek burutu ditugu:   

  • Hezkuntza ez-formalaren alorreko eragileen artean hausnarketa, topaketa eta elkarlanerako guneak sortu ditugu, mutil eta neska nerabeen arteko parekidetasunaren aldeko ekimenak gauzatzeko eta elkarren arteko aliantzak eraikitzeko. Horren lekuko dira mikromatxismoen inguruko eta maskulinitate berrien inguruko hausnarketa-prozesuak eta, batez ere, 2019ko otsailean ospatutako “Jakintza eta zientzia” jardunaldiak, han sozializatu baigenituen proiektuan egindako aurrerapenak eta sortutako material didaktikoa. 
  • Gazteekin maskulinitate berriak eta mikromatxismoak lantzeko dauden erremintetan sakontzea, sortuko dugun material didaktikoan txertatzeko. Horretarako, bi hausnarketa-prozesu paralelo bideratu ditugu, honako gai hauen inguruan:
  • “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidaren osagarri izan daitekeen material didaktiko berria sortzea eta zabaltzea, eragile lankideekin egindako lanaren emaitzak biltzen dituena. Hain zuzen ere, 10 fitxa didaktiko sortu ditugu, gazte nerabeekin hezkuntza ez-formaleko espazioetan erabiltzeko aproposak. Doan deskarga ditzakezu hemen
Presentación Marienea
Taller jovenes, semillas
Taller jovenes, huevos
Sesión nuevas masculinidades
Sesión micromachismos
Congreso tiempo libre

“JAKINTZEN IRAULEAK” ATALA PIKARA MAGAZINEN

Pikara Magazine
Bi hitzetan: 

2017ko abenduan hasi genuen Alborotadoras de Saberes (Jakintzen Irauleak) bi hilean behineko atala Pikara Magazinen. Bertan, zientzia egiten duten eta horrekin batera bizitzaren jasangarritasuna bultzatzen duten emakumeei buruz arituko gara. 

Markoa: 

Online aldizkari bat da Pikara Magazine, bere bultzatzaileen esanetan proposatzen duena “genero ikuspegidun kalitatezko kazetaritza, medioetan oso gutxi azaldu ohi diren pertsonak eta istorioak protagonista dituena”. Pikaran askotariko gai sozial eta kulturalak topatuko dituzu, guztiak ere ikuspegi kritiko, zorrotz, inklusibo, apurtzaile eta gozamenezkotik landuak. 

Jardueraren laburpena: 

Atal honen bitartez emakumeen jakintzak hainbat alorretan lan egin duten emakumezko zientzialariekin lotu nahi ditugu. Modu horretan zientzia eta tradizionalki emakumezkoek gauzatutako lanen arteko lotura bistaratu nahi dugu.

Hala, artikulu bakoitzaren ardatza tradizioz emakumezkoen rolari lotutako zeregin bat izango da, bizitzaren jasangarritasunerako oinarrizkoa dena. Nola egiten den eta barne hartzen duen zientzia inplizitua bistaratuko dugu eta hori guztia emakumezko zientzialari zehatz batekin lotuko dugu, zeinaren biografia laburki aipatuko baitugu. Era horretan zubiak eraiki nahi ditugu ikusezin bihurtutako emakume zientzialari historikoen eta euren eguneroko lanetik ere zientzia egiten duten emakume anonimoen artean. Eta aldi berean zientzia jendartera hurbildu nahi dugu, eta bizitzara.

Orain arte argitaratu ditugun artikuluen estekak hurrengo zerrendan topa ditzakezu. Hemendik aurrerakoak, argitaratu bezain laster batuko ditugu zerrendara:
 

Guztiak ere gaztelaniaz argitaratutako dira  Pikaran, baina testuok euskara ekarriko ditugu eta gure blogean publikatuko pixkanaka. 

(Pikara Magazineren webgunetik hartutako ilustrazioa, egilea: Emma Gascó)

NEKAZARIEN EZAGUTZAK LEGITIMIZATZEA

LEGITIMANDO SABERES CAMPESINOS
Bi hitzetan: 

“Bizitza erdigunean jartzen duten nekazal jakintzei esanahi berriak ematea” posterra, Elikaduraren etorkizuna eta XXI. menderako nekazaritzaren erronkak. Elikadura 21 Nazioarteko Topaketan erakutsi genuen, Gasteizen, 2017ko apirilean.

Markoa: 

Elikadura 21, esperientzien truke eta eztabaidarako espazio bat izan zen, ondorengo erakundeek antolatua: Instituto de Estudios Críticos Agrarios (ISS), ICAS -Iniciatives in Critical Agrarian Studies- sarea, EHNE Bizkaia, Etxalde. Helburutzat zuen zubiak eraikitzea gizarte zibil, nekazari, orotariko erakunde eta akademiaren artean, nekazaritza eta elikaduraren inguruko problematika aztertzeko, hala nola agroekologia eta elikadura burujabetzaren esparruetan alternatibak eraikitzeko.

Jardueraren laburpena: 

Vane eta Teresa hiru egun iraun zituen topaketan izan ziren, mundu osoko unibertsitateetatik etorritako 103 ikertzailerekin eta 53 nazionalitate ezberdinetako 450 pertsonarekin batera. Aurkeztutako  posterrean korrelazio honi buruz  arrazoitu genuen: indarrean dagoen nekazaritzako elikagaien sistema predatzaileak duen izugarrizko boterea eta nekazarien ezagutza, praktika eta egikerek gure gizartean duten legitimitate falta. Gure aburuz, botere-dinamika horiek hausteko, parekidetasuna bultzatzeko eta hiritarren aurrean elikadura burujabetzaren proposamena indartzeko, beharrezkoa da nekazarien jakintzak ikusgai egitea heziketaren bidez. Horrela, jakintzoi eta jakintzok posible egiten dituzten nekazariei balioa eta esanahi berriak eman dakizkiekeela uste dugu.  

Posterra (gaztelaniazko bertsioa) honako pdf-an topa dezakezu; topaketan aurkeztutako gainontzeko hitzaldi eta posterrak honako estekan.

(Argazkia: Jairo Marcos, desplazados.org)

Orriak