NEKAZARIEN EZAGUTZAK LEGITIMIZATZEA
“Bizitza erdigunean jartzen duten nekazal jakintzei esanahi berriak ematea” posterra, Elikaduraren etorkizuna eta XXI. menderako nekazaritzaren erronkak. Elikadura 21 Nazioarteko Topaketan erakutsi genuen, Gasteizen, 2017ko apirilean.
Elikadura 21, esperientzien truke eta eztabaidarako espazio bat izan zen, ondorengo erakundeek antolatua: Instituto de Estudios Críticos Agrarios (ISS), ICAS -Iniciatives in Critical Agrarian Studies- sarea, EHNE Bizkaia, Etxalde. Helburutzat zuen zubiak eraikitzea gizarte zibil, nekazari, orotariko erakunde eta akademiaren artean, nekazaritza eta elikaduraren inguruko problematika aztertzeko, hala nola agroekologia eta elikadura burujabetzaren esparruetan alternatibak eraikitzeko.
Vane eta Teresa hiru egun iraun zituen topaketan izan ziren, mundu osoko unibertsitateetatik etorritako 103 ikertzailerekin eta 53 nazionalitate ezberdinetako 450 pertsonarekin batera. Aurkeztutako posterrean korrelazio honi buruz arrazoitu genuen: indarrean dagoen nekazaritzako elikagaien sistema predatzaileak duen izugarrizko boterea eta nekazarien ezagutza, praktika eta egikerek gure gizartean duten legitimitate falta. Gure aburuz, botere-dinamika horiek hausteko, parekidetasuna bultzatzeko eta hiritarren aurrean elikadura burujabetzaren proposamena indartzeko, beharrezkoa da nekazarien jakintzak ikusgai egitea heziketaren bidez. Horrela, jakintzoi eta jakintzok posible egiten dituzten nekazariei balioa eta esanahi berriak eman dakizkiekeela uste dugu.
Posterra (gaztelaniazko bertsioa) honako pdf-an topa dezakezu; topaketan aurkeztutako gainontzeko hitzaldi eta posterrak honako estekan.
(Argazkia: Jairo Marcos, desplazados.org)
IKUSI MAKUSI… EMAKUME ZIENTZIALARIAK
“Ikusi makusi... emakume zientzialariak” 2016 urtean hasi genuen proiektua da. Jolasak tresna pedagogiko gisa duen potentziala aztertzen dugu bertan, neskei alor zientifiko- teknologikoarekiko interesa pizteko.
Heziketa zientifikoari buruzko gure lan-ildotik ikertu dugu zeintzuk diren arrazoiak alor zientifiko-teknologikoan estereotipoak eraikitzeko, eta rolak eta genero-harreman ez-parekideak betikotzeko. Era berean, ikuspegi pedagogiko ezberdinek desparekotasun horiek sakontzeko orduan duten eragin handia berresteko aukera izan dugu. Gure ondorio nagusia da ezinbestekoa dela bestelako proposamen hezitzaileak garatzea, existitzen diren diskriminazioak desagerrarazten lagunduko dutenak eta ikuspegi feministatik hurbilduko direnak bestelako begiradak aintzat hartzen dituen zientziara.
Orain arte egindako ikerlanak hipotesi hau izan du abiapuntu: Gaur egungo jolas gehienek darabilten zientziaren ikuspegiak, hala nola sexuaren arabera ezberdinduak izateak, ez dute sustatzen emakumezkoek alor zientifiko-teknologikoan parte hartzea.
Uste dugu horixe gertatzen dela, alde batetik, jolasak hezkuntza-erreminta garrantzitsua direlako: baloreak zabaltzen dituzte eta umeengan eragina dute, nola nortasunean, hala gaitasunen garapenean ere . Horrez gain, ikusi da erabakigarriak direla estereotipoak eraikitzeko eta rolak betikotzeko orduan, umeei mota ezberdinetakoak eskaintzen zaizkielako txiki-txikitatik sexuaren arabera. Era berean, zientziak, gaur egun egituratuta dagoen bezala, oinarrian patroi androzentriko eta sexistak ditu, eta bere ezaugarri dira: ikusezin bihurtzea alor zientifiko- teknologikoan ekarpenak egin dituzten emakumezkoen gehiengo handia, eta zilegitasuna kentzea bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten jakintzek duten oinarri zientifikoei, tradizionalki emakumezkoek garatu dituzten horiei.
Azkenik, ikerlan honetan goian azaldutako joera alderantzikatu lezaketen proposamen ludiko-hezitzaileak aztertu ditugu, helburu dutenak: genero-rol eta -estereotipoak deseraikitzea; bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten jakintzak ikusgai egitea, balioestea eta duten zientzia-balioa aldarrikatzea; emakumezko erreferenteak sortzea; umeen gaitasunak berdintasun-baldintzetan garatzea alor zientifiko-teknologikoan, sexuarekiko modu independentean.
Aurreko guztiagatik uste dugu aldaketa beharrezkoa dela gaur egungo jokoen diseinuan eta eskaintzan, lanbide zientifiko-teknologikoetan dauden genero-ezberdintasunak desagerraraziko baditugu.
Proiektu honen baitan kokatzen da ‘Emakumezko zientzialariak eta hezkuntza: jolasa baliabide pedagogiko gisa neskengan zientzia-bokazioak sustatzeko’ izenburuko posterra. Bilbon 2018ko uztailean ospatutako XII. Zientzia, Teknologia eta Generoko Iberoamerikar Biltzarrean aurkeztu dugu, ‘STEAM diziplinak: ibilbide akademiko-profesionaletako eragina’ sail tematikoaren barruan.
Proiektuari jarraipena emateko, datozen hilabeteetan zehar finantzazio-iturriak bilatzen jarraituko dugu eta beronekin zerikusia duten jarduerak gauzatzen.
(Argazkia: Joseba Sainz de Murieta)
BIZITZA ERDIGUNEAN JARTZEN DUTEN JAKINTZEN KONTZEPTUALIZAZIO KOLEKTIBORANTZ (Ikerkuntza-Ekintza Parte-Hartzailea)
Sorkineko kideok burutzen ari garen Ikerkuntza-Ekintza Parte-Hartzaile (IEP) prozesuaren bidez “bizitza erdigunean jartzen duten jakintzak” kontzeptualizatu nahi ditugu eta beren ezaugarriak zehaztu, helburu izanik kontzeptu horrekin bat datozen esperientziak, praktikak, egikerak eta ezagutzak ikusgai egitea eta merezi duten balioa ematea.
“Bizitza erdigunean jartzen duten jakintzak” Sorkin elkartearen oinarria dira. Oraindik eraikitzen ari den kontzeptua da, zeinari esanahi zehatza eman nahi diogun. Jakin nahi dugu aurretik bestek nola definitu duten, zeintzuk diren diziplina ezberdinetatik egin zaizkion hurbilpenak, dauden ikuspegiak batu eta dituen askotariko ertzetatik tira eginez definizio kolektibo eta partekatu bat eman nahi diogu. Gure elkartea egituratu eta aldi berean egiten dugun lanetik elikatutako den prozesu baten bidez, besteren eskura uzteko moduko definizio bat osatu nahi dugu, gerora ere hazten jarrai dezan.
“Bizitza erdigunean jartzen duten jakintzen” inguruko partekatutako errelato bat sortzen ari gara, banaka burutzen ari garen hausnarketa-prozesuan oinarrituta, kontrasterako talde-bileretan osatzen goazena.
Proiektuan erabilitako metodologia parte hartzailea da, inklusiboa eta Sorkin osatzen dugunon gaitasun, interes eta erritmoei egokitua. Geuk osatzen dugu IEPren nukleoa, baina prozesuan zehar bestelako pertsona eta kolektiboak ere tartean sartu nahi ditugu hainbat modutan: elkarrizketen bidez eta tailer, hitzaldi eta tertulia tematikoetan parte hartuz. Nola IEPn parte hartuko duten pertsonak, hala parte hartzeko moduak, prozesuan zehar zehazten ari gara, oinarrizko baldintza izanik metodologia aldatzeko malgutasuna, betiere aho batez hartutako erabakien eta proiektuari egiten ari gatzaizkion berrikuspen jarraituaren bidez.
EZAGUTZA BASERRITARRAK: FEMINISMOA ETA AGROEKOLOGIA
“Emakumezkoen jakintzei esanahi berriak ematea ikuspegi konbergenteetatik: feminismoak eta agroekologia” izenburuko komunikazioa aurkeztu genuen Agroekologiari buruzko VI. Nazioarteko Kongresuan (GIEEA), Vigoko Unibertsitatean, 2016ko ekainean.
Komunikazio hau, 2016an hasi genuen nekazarien ezagutzei buruzko barne-ikerkuntzaren emaitza da. Ikerkuntzak helburu du elikadura burujabetzaren eta feminismoen arteko loturetan sakontzea, hala nola identifikatzea nolako erabilgarritasuna izan dezakeen “bizitza erdigunean jartzen duten jakintzen” begiradatik lantzea paradigma bi horiek.
Komunikazio honetan defendatzen dugu Agroekologian hainbat planteamendu feminista barneratzeko beharra, hain zuzen ere, bizitzaren jasangarritasuna jorratzen dutenak.
Horretarako, gure ustez, fokua ipini behar da historian zehar emakumezkoek nagusiki garatu eta transmititutako hainbat jakintzatan. Jakintza horiek, legitimotzat hartzen den ezagutza zientifiko eta sozialak (erabat androzentrikoa berau) gutxietsi izan ditu, ez ikusiarena egin die eta ikusezin bihurtu ditu, nahiz eta guztiz beharrezkoak izan diren gure ugalketa sozialerako.
Artikuluaren hasieran jakintzak zer diren definitzen eta haien oinarriak zehazten saiatzen gara -2. kapitulua-; ondoren, hainbat begirada eta planteamentu feministatik eratorritako bizitzaren jasangarritasunari buruzko hainbat azalpen datoz -3. kapitulua- eta Elikadura Burujabetza eta Agroekologia bezalako gaiekin duten lotuneak bistaratzen dira -4. kapitulua-. Jarraian, aurreko guztia aztertzen saiatzen gara Euskal Herriko testuinguruan -5. kapitulua-, non emakumeen mugimenduek aurrera daramatzaten beste hainbat borroka ere topatuko ditugun -6. kapitulua-, eta bukatzeko, aurreko analisian oinarritutako hainbat hausnarketa eta erronka mahaigaineratzen ditugu -7. kapitulua-.
Nahi izanez gero, kongresuan egindako aurkezpena ikus dezakezu bideo honetan edo artikulua (gaztelaniazko bertsioa) irakur dezakezu hemen: + pdf
(gaztelaniaz argitaratua Construíndo Coñecemento Agroecolóxico. Cambiando os modelos de consumo para construír sistemas agroalimentarios sustentables liburuan (2016) Argitaldariak: Simón Fernández X.; Copena Rodríguez, D.; Pérez Neira, D. Grupo de investigación en Economía Ecolóxica, Agroecoloxía e Historia. FCEE. Universidade de Vigo)