‘Hezkidetzara sarrera STEAM diziplinetan, jakintzetan oinarritutako ikuspegitik’ edozein alorretako unibertsitateko irakasleei zuzenduriko 12 orduko ikastaroa da (formakuntza presentziala).
STEAM alorretan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) hezkidetza lantzeko estrategiak garatzea eta unibertsitateko irakasleek ikuspegi hezkidetzailetik lan egin dezaten ahalbidetzea bilatzen duen ikastaroa da, ondoko helburu hauekin: genero-ekitatea bultzatzea (horretarako, gaur egun indarrean dagoen zientziaren nozio androzentrikoa auzitan jarriko da, emakumezko zientzialarien erreferenteak sortuko dira, emakumeen jakintzak balioetsiko eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko) eta irakasleei estrategia eta baliabide pedagogikoak erraztea, zientzia bestelako begiradatatik landu ahal izan dezaten genero-rol eta -estereotipoak deuseztatuz eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza bultzatuz.
Ikastaroaren oinarrian ideia hauxe dago: STEAM diziplinetan genero-desparekotasun nabariak ematen dira oraindik ere, eta beharrezkoa da horiei aurre egitea ikuspegi hezkidetzaile batetik abiatuta. Horretarako, ikastaroaren abiapuntu bezala aztertuko ditugu gaur egun indarrean dagoen zientzia ereduaren kausak eta ondorioak, hala nola hezkuntza eredu mistoarenak (desberdinkeria, diskriminazio moduak, emakumeen eta beren jakintzen ikusgaitasun eza, etab.). Ondoren, unibertsitateko STEAM alorretan zientzia bestelako begiradatatik irakasteko hainbat giltzarri teoriko eta metodologiko aztertuko ditugu, eta teknika eta proposamen ezberdinak mahaigaineratuko ditugu, irakasleek beren eguneroko lanean txertatu ahal izan ditzaten. Azkenik, curriculumeko edukiak nola landu aztertuko dugu, ondoko helburu hauek lortu ahal izateko: zientzia egiten duten emakumezko erreferenteak sortzea; emakumeek egiten dituzten zaintza lanak eta horiekin lotutako jakintzak balioestea, barne hartzen dituzten fenomeno zientifikoak bistaratuz; diziplinarteko irakaskuntza sustatzea, aurkikuntza zientifikoen testuingurua aipatuz eta zientzia historiarekin, artearekin eta kulturartekotasunarekin lotzen dituen erreferentziak aipatuz.
‘Hezkidetzara sarrera STEAM diziplinetan, jakintzetan oinarritutako ikuspegitik’ ikastaroko bi edizio ospatu ditugu orain arte. Lehena 2018ko ekainean izan zen UPV/EHUko Leioako campusean eta 10 parte-hartzaile izan zituen ikastaroak, guztiak ere emakumeak, ingeniaritza, didaktika eta farmakologia sailetatik zetozenak, besteak beste. Bigarren edizioa 2019ko maiatzean ospatu genuen, Errioxako Unibertsitateko Logroñoko campusean. 8 parte-hartzaile izan zituen ikastaroak, nagusiki sail ezberdin hauetakoak: hezkuntza-zientziak, matematika eta konputazioa, zuzenbidea.